Nola hasi zinen gozogintzaren baitan lanean?
Tolosako Ibañez gozotegian hasi nintzen eta handik datorkit gozoekiko zaletasuna. Lauzpabost urtez aritu nintzen bertan. Beti gustatu izan zait postreak egitea; jatea baino gehiago. Ogiaren esperientzia beste era batekoa izan da, zortzi urte dira ogia egiten hasi nintzela.
Amezketako Linabiaga baserrian duzu egun zure lantegi propioa...
Negozioren bat irekitzeko garaian ondo ikusi behar duzu funtzionatzeko aukerarik duen ala ez. Amaren etxeko garajean hasi ginen eta aurrera joateko aukera bagenuela ikusitakoan, ukuilua kendu eta obradorea jarri genuen. Egun, bakarrik daramat negozioa.
Gabonak ate joka ditugun honetan, zer da gehien saltzen dena?
Turroiak eta polboroiak. Urtetik urtera goraka doa kontsumoa. Ogia ere gehiago saltzen da urte garai honetan, uda pasa ostean, berriz, gutxiago saltzen da. Urtarriletik aurrera ere ogi gutxiago saltzen da.
Lehengai ekologikoekin egiten duzu lan, batez ere Euskal Herrian ekoitzitakoekin. Nondik erosten dituzu?
Turroien kasuan ez. Funtsezkoenak, azukrea eta almendra, kanpotik ekarri beharra daude. Ogia egiteko, berriz, bertako lehengaiak erabiltzen ditugu. Iaz Aldatz herrian egin genuen uzta, Lekunberri ondoko herritik, eta oso uzta ona atera zaigu. Artoa ere bertan lantzen dugu. Beste urtetan Nafarroako Irurozkin egin izan dugu, Irunberri ondoan. Hangoak ere harriturik geratu dira oraingoan atera den uztarekin.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
- Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.