Zabalik daude Txantxane etxeko zerbitzu berriak

Ainhoa Gil 2019ko abe. 20a, 12:04

Atzo iluntzean egin zuten irekiera ekitaldia, eta gaurtik aurrera erabilgarri daude Txantxane Etxeko zerbitzu berriak. Liburutegia, haurren txokoa eta 60 urtetik gorakoentzako lokala prest daude dagoeneko. Taberna eta denda epe laburrean zabalduko dituzte.

Juan Kruz Igerabideren Abezedario Titirijario liburua eskuz esku ekarri zuten adunarrek udaletxetik Txantxane etxeraino. Halaxe irudikatu zuten Adunako herri liburutegiaren toki-aldatzea. Udaletxeko bigarren solairuan zegoen orain arte eta Txantxane etxean egongo da aurrerantzean. Liburutegiaz gain, bilerak egiteko gelatxoa eta KzGuneko zerbitzua ere bertan izango da.

Txantxane etxearen sotoan haurrentzako txoko polita prestatu dute. Josu Amilibia alkateak azaldu zuenez, "plazan zegoen txokoa oso oso txiki geratu zitzaigun eta Txantxane etxeko egoitza berrian toki gehiago dago. Goiz-txoko zerbitzua bertan eskainiko da eta, arratsaldean, gurasoek kudeatuko dute. Liburutegitik izango du sarrera baina liburutegia itxita dagoen ordutegian ere sartu ahal izango dute erabiltzaileek, txartela erabiliz".

Liburutegiaren parean dago taberna eta denda berria. "Dagoeneko lanak eginda daude eta altzariak ere jarrita. Orain esleipen prozesua zabalduko dugu eta laster zabaltzeko moduan izatea espero dugu. Tabernak ez du sukalderik izango, eta denda zerbitzua eskainiko du. Denborak erakutsiko du zer nolako harrera duen eta zein zerbitzu eskaini behar diren", azaldu du alkateak.

Txantxane etxearen terrazan, haurren parkea dagoen inguruan, 60 urtetik gorakoei zuzendutako lokala egin dute. Interesa dutenek udaletxean eskatu beharko dute bertara sartu ahal izateko txartela. "Mahaiak, telebista, berogailua eta aire-girotua ditu momentuz. Erabiltzaileek esango digute zer behar duten eta horren arabera joango gara hornitzen. Txoko polita da, bista ederrekin eta erosoa", gaineratu du Amilibiak.

Inaugurazio ekitaldia eginda, dagoeneko zabalik da Txantxane Etxea, adunarren eskura.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!