Industriagune berriko bigarren fasea, abian

Azken hilabeteotan mugimendu handia izan da Adunako industriagune berriaren inguruan. Pabiloi berriak altxa dituzte, eta epe laburrean enpresa ezberdinak hasiko dira horietan lanean. Industriaguneko bigarren fasea, beraz, ia burututa dago.

*Erreportajea osorik: Aiurri hamaboskariko 553 zenbakian.

 

2016 urtean hasi zen lur mugimendua Oria ibaiaren erriberako sailetan. Industriagune berria osatzen joateko, hiru fase bereizi zituzten.

Irizar lantegiak burutu zuen industriagune berriko lehen fasea, 18.000 metro karratuko pabiloi handia eraikita. 2017an jarri zuten martxan Irizar lantegia. Industriagune berriari lotuta, bestalde, Andoain eta Aduna batzen dituen errepidea zabaldu eta berritu zuten, enpresa berriak sortuko zuen ibiligailuen joan-etorriaren jakitun.

Industriaguneko bigarren fasea eraikitzeko prozesua martxan da dagoeneko. Josu Amilibia Adunako alkateak eman ditu azalpenak: "Urbanizazio lanak ia-ia amaituta daude. Bigarren fase honetan sartutako ia partzela edo gune guztiak eraiki dituzte eta enpresa batzuk finkatuta daude dagoeneko".

Saltzeko

Beste zenbait pabiloi enpresa sustatzaileek eraiki dituztela ere azaldu du Amilibiak, "lantegi ezberdinei saltzeko eta alokatzeko asmoz. Nolanahi ere, nahiko lotuta dauzkatela esango nuke. Pabiloiak eraiki aurretik lantegi ezberdinekin hitz eginda zuten dagoeneko. Beraz, pentsatzekoa da laster hasiko direla pabiloi horiek ere betetzen".

Enpresa handiak

Industriagune handia da Adunako erriberakoa, eta pabiloiak ere tamaina handikoak dira. "Diseinatu zen momentu beretik erabaki zen horrela izatea. Adunak baditu beste industriagune batzuk, eta horietan pabiloi txikiagoak daude, tailer koskorrak hartzen dituztenak. Industriagune berrian, aldiz, enpresa handiagoei egin nahi zitzaien tokia, eta horregatik dira hain partzela handiak". Lehen fasea Irizar lantegiak osatu bazuen, bigarren fase honetan 8-10 enpresa artean sartzea espero du Amilibiak. Haien artean, Integrados edota Irudek enpresak.

Irizarrek ere baditu bi partzela bigarren fase honetan. Alkateak azaldu duenez, "errepidearen alboan dagoen lursail handia Irizarrena da eta baita industriagunearen sarreran geratzen den sail txikiagoa ere. Horiek eraikitzen dituenean, errepidearen kontra geratuko diren pabiloi guztiak Irizarrenak izango dira".

Hirugarrena, laster

Hirugarren fasea garatzen dutenean, amaitutzat emango dute erriberako industriagune berria. Unipapel enpresaren atzealde osoa hartuko du hirugarren fase horrek. "Oraindik ez dakigu noiz hasiko diren bertako lanak, baina nahiko epe laburrean izango dela iruditzen zait".

Udal aurrekontuak onartu dituzte

2020rako aurrekontuak onartu dituzte Adunako Udalean. 1.086.550 eurokoa izango da aurrekontua eta hortik, inbertsioetarako partida bat gorde dute. Nolanahi ere, Udaleko kideek denbora tarte bat hartu nahi dute urtean zehar egin beharreko ekimenen inguruan hausnartzeko. Hala azaldu du Josu Amilibia alkateak: "Mantenimendurako eta obra txikietarako beharko dugun diru kopurua gorde dugu inbertsioen atalean: mendi bideak txukundu, Txantxane etxeari azken ukituak eman, brigadako kideentzako autoa erosi... Proiektu potoloagoak garatu ahal izateko, berriz, aurreko urteetatik pilatutako soberakinak ditugu. Herriaren beharrak aztertu ondoren erabakiko dugu zer egin".

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!