"Herriko txistulari bihurtu naiz, txikitatik festarik festa"

Aiurri 2020ko ots. 11a, 10:00

Denbora libre gehiegi ez duen pertsona horietakoa da Jon Ander Belamendia. Lanorduetatik at, txistu kontzerturen bat ez bada, herriko ekitaldiren bat antolatzen laguntzen aritzen da

Adunako jaiak nahiz ekintza ezberdinak antolatzen hartu ohi duzu parte. Noiztik?
Urte dezente dira jaiak antolatzen nabilela, oso oker ez banago jada igaro dira zortzi edo bederatzi urte. Azken finean, txistulari izanik, festaz festa ibili behar izaten dut. Herriko txistulari bihurtu naiz, txikitatik festarik festa; eta beraz, horri lotuta iritsi naiz herriko jaiak antolatzera nahiz festetan parte hartzera txistulari modura.

Beraz, txistua izan duzu herrian parte-hartzaileagoa izateko erreminta...
Lehen Adunan instrumenturen bat ikasteko aukera bakarra txistua zen. Herriko ia ume guztiek ikasten zuten txistua, eta Loatzo musika eskola etorri zenean aukera gehiago eskaini zen. Eta geroztik, esan daiteke, instrumentu berarekin jarraitzen duen bakarretakoa naizela. Txikitatik nabil festen munduan sartuta.

Gainera, etxea plazan izanik...
Antolatzen den festa bakoitza plazan edo plaza inguruan izaten da. Bai edo bai jakiten dugu ekintzen berri, eskolako ekintzetan, pilota partidetan, antolatzen diren edozein kultur edo kirol ekintzetan.

Ekintza horien guztien oinarrian herritarrak daude, noski...
Herriko jaietan eta antolatzen diren bestelako ekintzetan, ekitaldirik politenak, herritarrek proposatu edo parte hartzen dutenak izaten dira. Kanpotik kontratatu genitzazke taldeak, baina dugun esperientzia da jaietan arrakastarik gehien duten ekintzak direla benetan herritarrek parte hartzen dutenak: kuadrillen bazkaria edota oilasko biltzea.

...

Andoaingo Olagain Udal txistulari elkarteko kide ere bazara...
2015ean Jose Luis Etxeberriari egin behar zitzaion omenaldia zela eta, parte hartzeko gonbidapena luzatu nien nik Adunako Axeri dantzako txistulari bezala. Hor hasi zen Olagain txistulari elkartearekin harremana. Omenaldi hartatik hilabetera, Andoainen 400. urteurrena aprobetxatuz, kontzertu bat egin zuten inguruko txistulariekin, han ere parte hartu nuen eta hor egin zidaten gonbidapen ofiziala, esan genezake, entseguetara joateko eta taldeko kide izateko. Olagain txistulari elkartearekin 2015eko abenduaren 31n egin nuen lehen saioa. Oso ondo gogoratzen dut.

Elkartearen 40. urteurrena ospatu berri duzue. Nola erantzun du Andoain herriak?
Herriaren maitasuna eta babesa sentitu dugu. Sanjuanetan txupinazoa bota genuen. Hor ikusi zen benetan Andoainen dugun mirespena edo, herritarrek nola esaten duten Sanjuanak txistularirik gabe ez liratekeela Sanjuanak izango.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!