Saharar herriaren aldeko ekimenak

Ainhoa Arozena 2020ko ots. 27a, 12:33

Gaur 44 urte betetzen dira Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa sortu zenetik, saharar herriaren estatua. Urteurrenaren harira, Aduna herrian hainbat ekimen antolatu dituzte. Atzo eguerdian, saharar herriaren bandera udaletxeko balkoian jarri ondoren, ‘Oporrak bakean, bidaia bat baino gehiago’ erakusketa zabaldu zuten arratsaldean Adunako liburutegian.

Gaur arratsaldean ere zabalik egongo da erakusketa, 16:00etatik 19:00etara. Aurretik, ordea, ‘Palabras de Caramelo’ dokumentala eskainiko dute 14:30ean eskolan, herritar guztientzat irekitako emanaldia. Arratsaldeko 18:30ean, Tolosako Plaza Zaharrean ‘Saharar Herriaren Alde’ elkarretaratzearekin bat egingo dute adunarrek.

"Sahararrak euren lurraldetik kanpo bizi dira, gabezia askorekin"
Atzokoan, erakusketaren irekieraz gain, Oporrak Bakean ekimenaz hizketan aritu ziren etxean haur sahararrak hartu dituzten bi familiatako kideak

Egoitz eta Alazne anoetarrek, duela urte gutxi, Saharako ume bat euren etxera ekartzea erabaki zuten Oporrak Bakean programaren baitan, udan, bi hilabete igarotzera, “Sahararrak, arazo politiko batengatik euren lurraldetik kanpo bizi dira, gabezia askorekin. Laguntza humanitariotik bizi dira eta hango egoera gogorrari aurre egiteko, indartu egiten dira hona etorritakoan; ondo jan eta mediku errebisioak eginda”, azaldu zuten. Umeak izanik, etxekoen falta, ohitura nahiz hizkuntza ezberdina…, hasiera gogorra izaten dela esan zuten, baina berehala egokitzen direla bertako bizimodura eta hasiera gogorra bada, agurra ere halakoxea izaten dela. Haur sahararren gurasoentzat ere gogorra da, seme-alabak, ezagutzen ez duten eta milaka kilometrora dagoen lurralde batera bi hilabeterako bidaltzea. Baina hala egiteak, zein behar dagoen eta proiektua zenbat estimatzen duten agerian uzten duela adierazi zuten anoetarrek. “Egungo teknologia berriek asko errazten dute haurren gurasoekin komunikatzeko aukera eta, alde horretatik, errazagoa da”. Etxean bezala inguruan, oso ondo hartu zuten Saharatik etorritako haurra eta berehala egokitu zen inguru euskaldunera. “Erraz hasi zen euskaraz hitz egiten eta oso ondo integratu zen herrian. Sekulako bizi-poza erakusten zuen, denborarik galdu gabe, dena bizitu nahi zuen”.

Beatriz adunarrak duela 14 urte ekarri zuen lehenengoz haur sahararra etxera: “orduan ez genuen whatsappik eta ezta gurasoekin hitz egiteko aukerarik ere, larrialdi kasuetarako telefono zenbaki bat bakarrik. Egokitu artean, gogorra izan zen hasiera, baina oso ondo moldatu zen umea gerora. Agur esateko momentua oso tristea izan zen, orduan ez baikenekien berriz etorriko ote zen edo berriz ikusiko ote ginen. Orain hemen bizi da eta etxeko beste bat da guretzat”.

Oporrak Bakean egitasmoaren baitan, beraz, udako bi hilabete Euskal Herrian igarotzen dituzte haur sahararrek. Hain zuzen ere, ekainaren bukaeratik abuztuaren bukaerara. Udako hilabete horietan oso bizi-baldintza gogorrak izaten baitituzte sahararrek Argeliako lurretan kokatutako kanpamenduetan. “Kanpamenduak basamortuan kokatuta daude eta oso gogorra da uda han igarotzea. 50 gradu izaten dituzte askotan eta egunez lo egiten dute iluntzera arte. Iluntzean ateratzen dira kalera, freskatzen duenean”.

Saharako haurrak etxera ekarri ondorenean, hizlariak, adopzio familiez gain, kanpamenduak gertutik ezagutzera gerturatu ziren bertara. “Oso eskuzabalak dira sahararrak, daukaten gutxia eman egiten dute eta euren etxeko ateak zabalik izaten dituzte nahi duenarentzat. Oso gauza gutxi dute, baina pozik bizi dira. Harremanak ere asko estimatzen dituzte”, azaldu zuen Beatrizek. “Kanpamenduak argazkietan ikusita irudi bat egin arren, gogorra da bertatik bertara ikustea. Gu joan ginenean, uholdeen eraginez, erorita zegoen guztia eta buztinezko etxeak altxatzen ari ziren berriro. Kanpamenduetan bizi arren, Marokok zapaldutako beraien lurraldera itzultzea dute amets, Mendebaldeko Saharara. Euren lurrean ura eta belar asko dutela diote; ez orain bizi diren kanpamenduetan, euren benetako lurraldean baizik”. Oporrak bakean egitasmoan parte hartu izanak, Sahara herriaren errealitatea ezagutzeaz gain, bizi duten egoerarekiko kontzientzia eta sahararrekiko gertutasuna piztu die. Eta ahal duten neurrian, laguntzen saiatzen dira.

Urtero bezala, aurten ere abian jarriko da Oporrak Bakean egitasmoa eta haur sahararrak etxean hartuko lituzketen familiek nahiz egitasmoari lotutako informazio zabalagoa nahi dutenek, www.oporrakbakean.eus gunean aurkituko dute. Baita 696 014 786 telefono zenbakira deituta ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!