"Uste baino egokitzeko gaitasun handiagoa dugu pertsonok"

Ainhoa Arozena 2020ko mai. 21a, 09:00

Emeren Gelbenzu Mendizabal psikologoa. ©Emeren Gelbenzu

Psikologoa da Adunan bizi den Emeren Gelbenzu Mendizabal, -jaiotzaz oiartzuarra-. Haur, nerabe nahiz helduekin egiten du lan Donostian. Osasuna edukiz gero, bizitzako edozein egoerari aurre egiteko gai garela dio,

Behin eta berriz entzun da birusaren beste agerraldiren bat etor daitekeela etorkizunean. Hala izanez gero, zerbait ikasi al dugu egoera horri begira? 

Nik uste, ikasi nahi zuenak ikasiko zuela bizitzako gertaera estresagarri honetatik. Baina ona da bakoitzak COVID-19 eta konfinamendutik zer ikasi duen hausnartzea. Teorikoki, egunerakotasuna gehiago baloratzen ikasi beharko genukeen, apalagoak izaten, elkarri laguntzen. Baita huskeriengatik haserretzea denbora eta energia galtzea dela ohartu eta hobe dela hitz eginez arazoak konpontzea ere. Baloratzen ikasi beharko genuke zein garrantzitsuak diren gure familia, gure lagunak, aitona-amonak (gure zaharrak, gure altxor preziatuak, ezagutzaz josiak). Ezinbestekoa dela osasuna edukitzea, bestela ez gara ezer eta inor. Hausnarketa hori egitera gonbidatzen zaituztet: zer ikasi duzu zuk? Momentuan ezin dugu aurreikusi berrerortzea etorriko den ala ez. Baina neurri batean, gugan ere badago hori. Zentzuz, zuhurtziaz, erantzukizunez, arduraz jokatzen badugu eta osasun adituen aholkuak betetzen jarraitzen badugu, aukera gutxiago egongo da birusa berriz agertzeko. Ez dakigu zer gertatuko den urrian, baino momentuz egunerokotasunera nola itzuliko garen pentsatu behar dugu. Nolakoa izango den gure familiarekin edo lagunekin izango dugun lehen topaketa... Prestatu al dugu gure familiarekin distantzian elkartzeko momentu zoragarri hori? Bada, presta dezagun eta egin dezagun festa handi bat, babes neurriak errespetatuz. Normaltasunera bueltatuko gara baina momentuz, babes neurriekin. Horixe da gure haurrei lasaitasunez eta naturaltasunez azaldu behar dieguna, haien mamuak eta beldurrak uxa daitezen. Osasun adituek eta guk guztiok deskonfinamenduaren aurrean ditugun portaerek erabakiko dute zer gertatuko den urriari begira. Berriro konfinatu beharko bagenu, egoerari aurre egin beharko genioke. Horretarako, orain artean bezala, aktibo mantentzen ahalegindu beharko genuke: informazio zuzena jasoz, fisikoki eta emozionalki zainduz, nahiz, besteak beste, emozio ezberdinak onartuz eta landuz. 

Ekimen ugari burutu duzue Adunan konfinamenduaren baitan. Auzotar eta herritarren arteko elkartasun zubiak osatu dituzue... 

Bai, esperantzazko bertsoa, eta maitasuna, musua, besarkadaren bihotz birtuala sortzeaz gain, bideo bat osatu dugu bizilagunen artean. ‘Adunatik Mundura, Eutsi!’ bideoa: Aduna, Euskal Herria eta mundu osoari esperantza eta animoak zabaltzen jarraitzeko. Ekimen hauetan, aitona-amonek, helduek, familiek, gazteek eta haurrek parte hartu dugu, eta une batez, COVID-19 ak eragindako errealitate gordina eta krudela alboratzeko balio izan digu. Eskerrik asko parte-hartzaile eta antolatzaile guztiei, batez ere Daniri, Adunako kultur saileko arduradunari. 

Konfinamendu garaian bizilagunen artean sormena asko landu dela esango nuke. Sustatutako gaitasunen artean, sormenaz gain, elkartasuna, laguntza, enpatia, altruismoa eta komunikazio birtuala azpimarratuko nituzke. Horrez gain, bizilagunak gehiago ezagutu ditugu, haien pentsamendua, iritzia, kezkak, emozioak, gaitasunak... Iluntzeko esker-txaloen ondoren, gaitasun artistiko eta dibertigarri ugari plazaratu dugu. Distantziatik, baina giroa alaitzen zutenak, animoa eta alaitasuna piztuz: bertsoak sortu eta abestu, pianoa jo, adarra jo, gimnasia egin, irrintziak bota, erlaxatzeko saioak, dantza online entseatu, abestu…

Beste mezurik luzatu nahi? 

Animoa, baikortasuna, esperantza, indarra, motibazioa, komunikazioa, eta maite ditugunoi gure maitasuna adierazteko eta eman ezin ditugun besarkadak emateko bihotz birtuala. Hau ez da gudu bat: behar biologikoak aseta badauzkagu, eta osasuna badugu, aurrera egingo dugu. Buruarekin lan egin. Tristura, urduritasuna, alaitasuna, kezka..., emozio asko izango ditugu. Horiek onartu, bizi eta era egokian kudeatu. Etxetik ateratzen garenean, prebentzio neurriak bete, eta gure lagunekin, familiarekin presentzialki hitz egin distantzia mantenduz. Gaixo daudenei edo inguruko norbait galdu dutenei animoa eta indarra bidali nahi diet. Eta gurasoei mezua: euren seme-alaben eredu dira, eta haurren aurrean adierazten dituzten jokabide, jarrera, pentsaera edota emozioek eragina dute haurrengan. Egoeraren larritasuna ahaztu gabe, naturaltasunez eta normaltasunez jokatzen badugu, lasaitasun handiagoarekin biziko dugu egoera berri hau. Uste baino egokitzeko ahalmen eta gaitasun handiagoa dugu pertsonok. 

Gure altxor preziatuei, animo asko eta segi ezazue zuen bizipenak gure haurrei transmititzen; aitona-amonak, zuen pausoetatik eraikitzen baitugu etorkizuna. 

Esperantza ez da sekula galdu behar, eta laguntza behar izanez gero, eskatu, zalantzarik gabe. Eutsi eta aurrera! Guztion artean gaindituko dugu!

Elkarrizketa osorik, maiatzaren 14 eta 15ean harpidedunen artean banatu zen 561 Aiurri hamaboskarian 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!