Ingurumen egunerako deia

Ekainaren 5ean ospatzen da Ingurumenaren Nazioarteko Eguna. Ospakizun berezia izango da aurtengoa. Horri lotuta, bandoa zabaldu du Adunako Udalak:

"Jan Tolosaldea” ekimenak eskualdean ekoitzitako produktuen kontsumoan oinarritutako elikadura-sistema bat bultzatzen du eta Adunako Udala egitasmo horren kide da 2018 urteaz geroztik. Ekimen honi esker gertuko elikagaiak sustatu nahi dira, laborantza-sektorean lan egiten duten Tolosaldeko eragileak, herritarrak eta eskualdeko udalak inplikatuz eta horien arteko sarea osatuz. Bertako produktuetan oinarritutako elikadura-sistemak bertako ekonomian eragiteaz gain ingurumenaren ikuspuntutik ere onura adierazgarriak ekartzen dizkigu; hala nola, elikagaien garraioari lotutako gas kutsakorren eta Berotegi Efektuko Gasen emisioak gutxitzen dira, bertako landare eta animalia espezien aniztasuna bultzatzen da eta gure herrietako landa-paisaia mantentzen laguntzen da. 

Arrazoi horiengatik, ingurumenaren munduko eguna (ekainak 5), aurten beste era batean ospatzeko gonbitea bidali nahi die Adunako Udalak herritarrei, Tolomendik antolatutako ekimen honetan parte hartzera animatuz: tokiko elikagaien aldeko jardueraren bat garatzea eta jarduera horren berri emateko asmoz, gehienez minutu eta erdiko bideo bat grabatzea, “JAN TOLOSALDEA” lema erabiliz. Bideoa grabatu ondoren honela partekatu dezakezue: 

Sare sozialak erabiliz gero, #Jan Tolosaldea hashtagakin erabili behar da (@tolomendi jarriz) #zuen ekimena, udalerri, ekoizle, etab hashtag propioa agertzeko. Sare sozialik ez izatekotan, bideo ondorengo epostara bidali: tolomendi@tolomendi.eus (Tolomendi landa garapenerako elkarteak bere sare sozialetan partekatuko du). 

Eskualdeko ekoizleen katalogoaren berri emateko ere aprobetxatu nahi dugu: http://www.tolomendi.eus/eskualdeko-ekoizleak/. Gogoratu, jan bertakoa: zaindu, garatu eta aberastu eskualdea eta biziberritu bertako nekazal kultura. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!