Jon Irazu eta Aitor Otaegi 20 eta 23 urteko erremontistak dira. Betidanik frontoiari lotuta egon dira. Zenbait kirol praktikatu dituzte, baina, egun batean, erremontea probatzeko aukera eduki zuten, eta, orduz geroztik, kirol hau praktikatzen dute. Jada bi pilotariek maila ona erakutsi dute hormen artean.
Adunarrak izanda betidanik egon zarete frontoiari lotuta?
Bai. Umetan eskolan hasten zarenean frontoia bakarrik duzu eskura. Gure garaiean behintzat ez zegoen futbol zelairik ez eta saskibaloikorik. Frontoiean, bizikletan eta parkean ibiltzen ginen. Egun guztia frontoiean pasatzen genuen, ez baitzegoen aukera askorik.
Zergatik erremontea?
Irazu: Eskuz jokatzen nuen, baina azken aldian minarekin jokatzen nuenez, nazkatuta nengonen. Partidak jokatzen nituenean berriro ere eskuko minarekin hasten nintzen. Beraz, geldialdi asko egiten nituen eta ez nuen behar bezala pilotaz gozatzeko aukera eduki.
Egun batean lanean nengoenean, pentsatzen jarri eta zerbait berria probatzea otu zitzaidan, eta orduantxe Aitorrek erremontean hasteari buruz hitz egin zidanez, probatzea erabaki nuen.
Imanol Ansa entrenatzailea ezagutzen nuen, ari esan, eta erremontean hasi nintzen. Gainera, lehenago pilotan jokatzen nuenez, segituan hartu nion tamaina.
Otaegi: Niri betidanik gustatu zait frontoieko giroa eta honi dagokion guztia. Nik Ansa txikitatik ezagutzen nuen pilotan batera jokatzen genuelako; eta Santakrutzetan erremontean hasteko animatu ninduen. Egun horietako batean kontaktuan jarri nintzen Imanol Ansarekin eta Galarretan saio bat egin eta probatzeko hitzordua jarri genuen.
Zenbat zarete erremontean jokatzen duzuenak?
Hasiera batean zortzi kidek entrenatzen genuen, eta orain bizpahiruk lanagatik utzi behar izan dute. Asko dira erremontean hasten direnak, baina segituan uzten dute, edonork ez baitio tamaina hartzen kirol honi. Pazientziaz hartu beharreko kirola da. Entremandu asko egin behar dira modu egokian jokatzen hasi aurretik; Imanol Ansa eta Ander Goikoetxea dira entrenatzaileak.
Txapelketak jokatzen dituzue?
Orain arte ez ditugu txapelketa asko jokatu; Oriamendi afizionatuen txapelketa eta buruz-buruzko txapelketa jokatu ditugu. Azken hau, esperimentu moduko bat izan zen.
Elite mailan, berriz, Oriamendi promozio txapelketa, buruz-burukoa, sagardo txapelketa eta Aurretiko Kutxa txapelketa jokatzen dira. Aurrerago Eitb txapelketa ere jokatuko dute; bost hastez telebistan botako dituzte txapelketako partidak.
Nola ikusten duzue erremontea etorkizunari begira?
Etorkizun zaila edukiko du erremonteak. Telebistan gutxitan botatzen dituzten kirolak aurrera eramatea ez da batere erraza. Gainera, erremontea zuzeneko kirol gisa ikusgarria da, baina telebistan asko galtzen du, ez da berdin baloratzen. Zuzeneko partidetan hobeto hautematen da pilotek hartzen duten abiadura edota kirol hau jokatzeko zailtasuna.
Egia da ere Gipuzkoan ez dagoela erremontearekiko afizio handia, Nafarroa aldean zaletasun gehiago dago. Galarretara joaten direnen gehiengoa pertsona helduak dira. Jende gaztea gerturatu beharko litzateke kirol harrigarri hau zuzenean ikustera, asko harrituko lirateke.
Etorkizun batean profesional mailara pausua emateko aukera ikusten duzue?
Baietz esango genuke. Erremonteak pilotariak behar ditu eta, oraingoz, gogor entrenatzen jarraitzeko asmoa dugu, beraz, aukera ikusten dugu. Horrez gain, pentsatzen dugu hobetzen goazen heinean gehiago estutuko gaituztela eliterako pausoa emateko. Modu iraunkor batean jarraituz gero aukera dugula uste dugu.