Asvineneari agur, Zirkuolari ongietorri!

Zubitxiki industriagunean bertan aurkitu dute txoko berria. ©Asvinenea

Hamazazpi urte baino gehiago dira Adunako Zubitxiki industriagunean Asvinenea gunea ireki zutela. Arte eszenikoei eskainitako gunea izan da Asvinenea, eta elkarte moduan kudeatu izan dute beti. Asvineneari agur esateko garaia iritsi da, ordea.

Txotxongiloen munduan zebilen artista talde batek zabaldu zuen gunea eta, geroztik, antzerkia, magia, zirkua…, ikuskizun mota ezberdinak prestatu eta lantzeko gune izan da Asvinenea. 

Hainbat ikuskizun eta ikastaro antolatu izan dute urte hauetan guztietan. Asvinenearen amaiera, ordea, iritsi da. Ateak ixtera doa datozen asteotan. Pabiloiaren jabeak saltzeko erabakia hartu du, eta Asvineneako kideek agur esan beharko diote euren txokoari. “Ziklo baten itxiera izango da. Asvineneak oso bide polita egin du, baina amaiera iritsi zaio”, azaldu du elkarteko kide den Garazi Pascualek. 

Zirkuaren munduan dabiltza egun Asvinenea kudeatzen duten pertsonak. Bertan dute entseguetarako behar duten materiala eta hantxe sortzen dituzte hainbat eta hainbat ikuskizun. Zirku tailer eta ikastaroak ere martxan izan dituzte azken urteotan. Haur, gazte eta familia asko pasa da bertatik. 

Zirkuola

Asvinenea ixteko garaia iritsi da, baina bertako bazkide eta kideek ez dituzte alde batera utzi nahi euren jarduna eta euren ametsak. Urrutira joan gabe, Zubitxiki industrigunean bertan aurkitu dute txoko berria. “Asvinenearen pare-pareko pabilioira joango gara. Hantxe emango diogu forma Zirkuolari. Zirkua eta arte eszenikoak euskaraz lantzeko txokoa izango da Zirkuola. Guztiz legeztatu eta behar diren baimen guztiak eskuratu ondoren, irailean egingo dugu etxe-aldaketa”, azaldu du Garazi Pascualek. Zirku mundura egokitutako lekualdatzea izango da: “Oihal eta trapezioei eusteko sabaiko euskarriak…, hori guztia kontuan hartu behar da eta ondo landu beharreko kontuak dira”. 

Ahalik eta azkarren jarri nahiko lukete martxan Zirkuola. “Ideia eta ekimen asko dugu buruan. Pixkanaka ideia horiei guztiei forma ematen joango gara, eta martxan jarriko dugu Zirkuola. Baliteke udazkenean ekintzaren bat martxan jarri ahal izatea, baina ziurrenik urte berriarekin batera abiaraziko dugu Zirkuolaren ibilbidea”, azpimarratu du. 

Agur-ekitaldia

Gune berria martxan jarri aurretik, ordea, Asvineneari agur esan zioten. Amaiera gozoa emateko, hamaiketakoa antolatu zuten uztailaren 18an.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!