Lehenengotarikoa zara eskualdean horren gaztea izanik txertoa jartzen…
Ez nekien. Espero dut hemendik aurrerako bidean, ni bezala, zahar-etxe batean edo ospitale batean lan egiten duten guztiei txertoa iristea.
Nolatan jarri dizute txertoa?
Soziosanitarioa naizelako eta egoitza batean lan egiten dudalako. Iurramendi zaharren egoitzako langilea naiz duela urte eta erditik. Esan beharra daukat oso gustura nagoela bertan.
Nahitaez jarri behar zenuen txertoa? Edo aukerakoa zen?
Txertoa onartu bezain pronto, mezu bat bidali ziguten eta langileoi gutxinaka deitzen joango zirela jakinarazi ziguten. Deitu zidatenean txertoa jartzea aukerakoa zela esan zidaten, baina nik ez nuen denbora askorik galdu eta segituan eman nien onarpena.
Gaur egun eztabaida handia dago txertoen gainean…
Txerto asko daude eta horietako askok izen konplexuak dituzte; ziurgabetasun apur bat sor dezake horrek, hau da, ezerk ez dizu ziurtatzen txertoak eragina izango duenik. Nire ustez, edozein txerto jartzerakoan bigarren mailako ondorioei buruz hitz egin beharko litzateke, mesfidantza hori ekidin eta segurtasuna helarazteko.
Beraz, txertoaren ondorioei buruz azalpenak eman dizkizute?
Adierazi zidatenaren arabera, bigarren mailako ondorioak sor litzake. Hala ere, nik ustez, beldurra sortzeko esaten diren gauzak dira, izan ere, txertoa jarri zidatenetik oso ondo nagoela sumatzen dut.
Zerbait gehiago gehitu nahiko zenuke?
Amaitzeko, txertoa jartzeko gomendioa luzatzen diet herritarrei, nahiz eta adituek beldur apur bat sortu duten gaiaren gainean. Ez dira damutuko.