Zer soposatu du zuentzat Koronabirusak?
Itxialdian antzeman genuen gehien, eta zer esanik ez itxialdiaren hasieran. Itxi ziguten egunean bertan 180 bazkari eman behar genituen. Min handiarekin baina goizean goiz lanera etorri nintzen, hemengo enpresen zerrenda hartu eta deika hasi nintzaien, eramateko zerbitzua emango genuela jakinaraziz. Bakarrik ekin nion lanari, eta sukaldariarekin batera ondoren, pixkanaka martxa hartuz joan ginen. Sorpresa handia izan zen aldaketa, eta lanketa handia ekarri zigun. Bezeroentzat ere ez zen samurra izan egoerara egokitzea. Baina ordutik ondo lan egin dugu, eta ez gaude kexatzeko.
Uste duzu beste tabernei baina gutxiago eragin dizuela egoerak?
Kaleko tabernetan zer nolako eragina izan duen edo zer nola lan egiten duten orain ez dakit, baina egoera berdintsua izango dela iruditzen zait. Industrigune bateko taberna bat izanik, jendeak ez du kalean adina poteatzen. Aldiz, hemen, eguneko bazkariak akaso kaleko taberna batean baino gehiago dira. Ezberdina da, eta eragina antzekoa izango dela suposatzen dut.
Ostalaritzari ezartzen zaizkien neurriei buruz zein iritzi duzu?
Zorabiatzeko moduko egunak dira, egun batetik bestera aldatzen dituzte neurriak eta horri aurre egitea zaila da oso. Orain artean ostalaritzari bota zaio kutsatzeen errua eta ez nuke esango guztiz horrela denik.
Neurriak, gainera, orokorrak jartzen dituzte eta taberna batetik bestera aldea dago. Ez da berdina hiri bateko taberna baten martxa edota kale iskinean dagoen taberna batek eraman dezakeen martxa. Neurriak guztientzat berdin jartzen dituzte, eta ez da erraza hori kudeatzea.
Zer nolako sentsazioa antzematen duzu jendearengan?
Momentu honetan tabernara etortzen direnak ez ditut beldurrez ikusten, jada badakigu zer dagoen eta kontu gehiagorekin ibiltzen gara. Pandemiak enpresen erabakiak eta neurriak guztiz aldatu ditu eta egon dira betiko bezeroak lehen egunero etortzeko ohitura zutenak eta azken bi hilabeteetan etorri ez direnak. Ea, pixkanaka, egoera normaltzen hasten den. Guztion onerako izango baita.
Zein da zuen egoera, orain?
Bi aukera eskaintzen ditugu, bertan jateko edota eramateko. Pandemiak horretara bultzatu ditu enpresa batzuk, eta janaria eramateko eskatzen hasi dira. Ez ditut bezeroak galdu, baina kontsumitzeko modua aldatu da. Bestalde, lehen taberna gehiago zeuden inguruan baina pandemiagatik itxi egin dituzte. Aldiz, itxialdi perimetralak bertan kontsumitzea ekarri du; guri horrek onura egin digu.
Zer da zuentzat 25 urte irekita egotea? Zein oroitzapen ekarriko zenuke gogora?
Izugarria da, zeinen azkar pasatzen den denbora. Hasi nintzen urte horietan, ordu asko sartzen nituen. Goizeko 7:00etan ireki eta ordu txikietan itzultzen nintzen etxera, eta hurrengo goizean berriro ireki behar. Jendearen ohiturak erabat aldatu dira, eta guztiz desberdina da dena. Orain ezingo nuke garai horretako martxari segi, nahita ere. Baina, hala ere, oso oroitzapen onak ditut.
Beste urte askoz lanenan jarraituko duzue?
[Barreak] Zalantzarik gabe. 25 urte ez dira egunero egiten, eta jarraitu beharko dugu. Egungo egoeran egongo ez bagina, ospakizun txikiren bat antolatuko genuke; esate baterako, bertsolariekin eta trikitilariekin. Baina kasua ez denez, bezeroekin detaile bat eduki dugu, urte guzti hauengatik esker ona adierazteko.