Neurri zorrotzak hartzen jarraitu behar duzue sagardotegia irekitzeko. Zein iritzi duzu?
Hauxe da mundua hankaz gora ikustea bezalaxe. Ez dago beste aukerarik, eta moldatu egin beharko nola edo hala. Eromena izaten ari da. Ez dakigu langileak lanean jarri ala ez. Zer egin ez dakigu. Inguruko herri guztiak eremu gorrian egon dira: Amasa-Villabona, Andoain, Lasarte-Oria, Tolosa… Ostiralero eta larunbatero aritu gara bazkariak ematen, baina herrikoei bakarrik. Itxiera perimetrala dela eta, herrikoek bakarrik etorri ahal izan dutelako. Norentzako ireki behar dugu?
Mahai bakoitzean lau lagun baino ezin badira egon, zenbaterainoko aforoa geratzen zaizue?
Mahai bakoitzean lau lagun baino ezin badira egon, sagardotegiko jangela batean 20 lagunekin jangela betea dago. Lau laguneko taldea etorriz gero ondo, baina bikoa edo hirukoa etorriz gero… Guztira, bi jangela eta terraza, 60 lagun ingururekin sagardotegia beteta dagoela esan behar.
Beste egoera asko ez ditugu ulertzen. Sagardotegietara ez joan, baina denda handiak jendez gainezka, trenak jendez gainezka, autobusak jendez gainezka… eta leku horietan ez da ezer pasatzen.
Dirulaguntzak, berriz, urriak.
Oso urriak izan dira laguntzak. Adunako Udala saiatu da laguntzen, Eusko Jaurlaritza, berriz, ez dakit non dagoen. Horrekin bizi behar badugu…
Bestalde, gastua bikoiztu egin da. Zerbitzatzeko langile kopuru berdina behar duzu bezeroen erdiari baino gutxiagori jaten emateko. Egoera oso zaila da gu guztiontzat.
2020ko uztako sagardoari dagokionean, zer moduzko uzta etorri da?
Sekula baino hobea da aurtengo sagardoa. Aurtengoan iazkoa eta aurtengoa dastatzea aukeran dago. Modu horretan, ezberdintasunak ikusi eta dastatu daitezke, zein egoeratan dauden orain sagardoak...
Kupel ezberdinetako sagardoa probatu. Esperimentatu. Hori da politena.
Jada, 2021eko uztari begira zaudete?
Aurtengoa pasa da, eta sagardo oso gutxi ekoiztu da. Saldu ere oso gutxi egin da. 2021 sagar urtea bada, zer egingo dugu sagarrarekin? Iazkoa errepika daiteke, eta bodega erdia beteta geratuko da. Hori kontuan hartuta, datorren urtean zer egin behar dugu? Iaz ekoiztutakoaren erdia ere ez dugu egin aurten. Elkarte gaastronomikoak itxita daude. Jatetxeak eta tabernak ez daude ez irekita eta ez itxita, gure antzera. Oraintxe ireki, oraintxe itxi. Diru iturri horiek itxi zaizkigu.
Tristura guztiontzako da, bai guretzako bai bezeroentzako ere. Aurtengoan sagardoa pitxerretan edo botila gardenetan zerbitzatu beharko da, bertan dagoen txarteleko QR kodigoaren bitartez informazio guztia eskuko telefonoan ikusteko. Kupelera sagardoa hartzera baino gehiago jendearekin sozializatzera zoaz. Sagardotegia hori da, sozializazioa.