Antolatzaileen esanetan, aurtengo 2021,5 korrika izan da, eta datorren urtean normaltasunez ospatzea espero da. Ez hori bakarrik, ekitaldi hanekin batera elkartasuna adierazi nahi izan dien bertako zein kanpotik datoztenei. Gauzak horrela, 100dik gora oinetako bildu dituzte.
Ekitaldiaren amaieran honako ohar hau irakurri dute:
Euskaltegiek mende erditik gorako ibilbidea egin dute, eta, poztasunez, esan behar dugu ondorio emankorrak sortu dituztela; hala, euskarak hiztun berri asko irabazi ditu azken hamarkadetan, eta, horien artean, hainbat eta hainbat euskaltegietatik atera dira. Pandemia-garaian, despistaturen batek galdetu izan digu ea zer moduz gauden, ea aurten dena geldirik dugun, ikastaroak aurrera eraman ezinean... Bai, zera! Osasun-neurriak
errespetaturik, ohiko ikastaroekin jarraitzen dugu; hori dela eta, nabarmendu nahi dugu aurten ere euskaltegietan ari diren irakasleen eta ikasleen ahalegina. Biba zuek! Euskal Herrian nahiz munduko hainbat tokitan, aurten 40.000tik gora herritar dabiltza euskaraz komunikatzeko bidea egiten, bai horixe!
Hala eta guztiz ere, argi dago oraindik lan handia dugula egiteko: Euskal Herriko herritarren % 55 erdaldunak dira, eta, beraz, euskaltegi guztiak dira beharrezko jendarte euskalduna amets badugu.
Euskaltegi sendoak behar ditugu, Euskal Herri osoko herritarrei euskara ikasteko aukera emateko baldintza egoki guztiekin. Horretarako, ezinbestean, EAEko, Nafarroako eta Ipar EHko administrazioetatik bultzada estrategikoa eman behar zaio arloari. Zuen bultzaden ondorioz, agintari politikoak mugiaraziko ditugu, nola ez!
Alta, hori ez da nahikoa izango, euskarak herria behar baitu; helduen euskalduntzemugimendua sustatzeko eta euskaltegiei bultzada emateko, denok egin dezakegu geure ekarpena: egunero eta aukera dugun guztietan euskara erabiliz eta prestigiatuz, jendea euskaltegietara joan dadin animatuz, matrikulazio-kanpainak sustatuz, euskaraz bizitzeko nahia plazaratuz...
Gaur, horren lekuko, Euskal Herriko 65 txokotan baino gehiagotan elkartu gara, milaka herritar aldi berean, eta euskararen lekukoa kalera atera dugu, “Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!” aldarrikatzeko. Eskerrik asko!!
Bestalde, gaurko eguna ez dugu kasualitatez aukeratu; izan ere, Korrika atzeratu behar izan ez bagenu, gaur bertan bukatuko zatekeen, baina azken urtean bizi izan dugun eta bizi dugun egoera korapilatsuak ez digu utzi euskararen aldeko ekimenik garrantzitsuena aurten egiten.
Esan bezala, Korrika atzeratu dugu, baina ez dugu bertan behera utzi; eta, gainera, azpimarratu behar dugu oraindik ere nahitaezkoa dela duela 40 urte jaio zen ideia ero eta zoragarri hura gauzatzea. Hortaz, AEKn buru-belarri ari gara lanean datorren urtean 22.KORRIKA egin ahal izateko.
22. KORRIKA inoiz baino beharrezkoagoa izango da, eta zuon guztion bultzada beharko dugu. Ziur gaude babes erraldoia jasoko dugula zuengandik.