Iritsi da Kutxa Bira Adunara

Sara Medrano 2021ko api. 23a, 17:26

Harrera goxoa egin diote Adunarrek, Errenteriatik etorri den Kutxa Birari. Herritar askok hartu dute parte arratsaldeko ekitaldian.

‘Bizi gira… Kutxa bira!’ martxoaren 20an hasi zen Argentinako Patagones hirian, handik Viedmara jotzeko. Pixkanaka Euskal Herrirako bidea hartu du eta Apirilaren 8an, Baionako Bernat Etxepare Lizeoan egin zuen lehen geldiadia. 72 egunez, 71 herri zeharkatuko ditu, bidean herri bakoitzeko mezuak bilduz. Ibilbidearen amaiera, datorren Maiatzaren 30ean izango da, Seguran. 

Gaur, Apirilak 23 ostirala, arratsaldeko 15:15 Errenteriatik Adunara iritsi da eta herriko plazan egin zaio harrera kutxari. Ongi etorria emateko, agurra dantzatu du Maitane Irurzun adunarrak. Kutxak, barruan, Amets Arzallus bertsolariaren Hitza da gure lurra mezua darama, eta Xabier Leturiak irakurri du: 

«Hitza da gure lurra, lur hau ez da gure jabetza, bizi garen lur hau guretzat zelako promesa, ez zuen inork egin, ez zigun inork hitz eman, hitza guk eman genion lur honi, auskalo noiz eta nondik hona iritsi ginenean, babes beharrean, hemen landatu genuen gure hitza, eta landare hartatik sortu zen harreman sare mugagabe bat, orain gure herria dei dezakeguna, Euskal Herria, euskara eman eta hartzen duen jendea, hizkuntza da, oraingoz, munduak eskaini digun bizi leku bakarra, hitza da gure lurra».

Kutxa Bira ekimen honi Imuntzo eta Belkokik sortu duten kantuarekin, eskolako haurrek koreografia bat dantzatu dute. Horrez gain, Adunarrok gainontzeko herrietan egiten ari diren bezala, mezu bat utzi nahi izan dute eta Juan Kruz Igerabidek idatzitako testu bat sartu dute kutxan. Ondoren, Irura herrira eraman dute ametsez beteriko kutxa. 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!