Mendi duatloien denboraldiari amaiera emango diote Adunan

Aiurri 2021ko aza. 8a, 10:43
Eneko Gurrutxaga pozarren zegoen helmugara iristean. Etxean, etxekoen aurrean eta etxekoekin iritsi zen helmugara. Egun gogoangarria amasarrarentzat.

Ziurgabetasunez beteriko denboraldia izan da, eta orain amaiera ematea besterik ez da geratzen. Azken aurrekoa larunbatean izan zen Ibarran, eta azkena Adunan datorren larunbatean.

 

Adunakoa arratsaldeko 15:00tan abiatuko da eta, eguraldiak lagunduz gero, parte hartzaileentzat zein ikusleentzat ikusgarria izango da. Amaiera ona izan dezala denboraldiak, adunarrek gogo berezia erakutsi baitute. Imanol Oterminek adierazi bezala, proba aurrera ateratzeko finantziazioa udalerriko enpresei esker atera da aurrera, eta oso eskertuta daude horregatik. 

Datorren urtekoari ekin aurretik aurtengoa lagunarteko afariarekin amaituko dute. Lehia eta gero festa izango da.

Amasan eskualdeko kideak protagonista

"Eneko, lehenengo hiruren artean izango da!" bota zion Imanol Otermin adunarrak, Aiurriko mikrofonoa lekuko zela. "Nahiko nuke, baino ez. Aurten puntu bat baxuago nabil". Eneko Gurrutxagak umil erantzun zion, beharbada buruko nekea eragin ziezaiokeen erantzukizuna gainetik kendu nahian. Eskerrak puntu bat baxuago zegoela! Etxean eta etxekoen aurrean amasarra lehen postuan helmugaratu zen. Poza nabaritzen zen bere aurpegian eta baita proba antolatzen zebiltzanengan ere. Ez du berehalakoan ahaztuko urriaren 23ko arratsalde hura.

 

Amasako bi parte-hartzailerekin solasean

Manex Tejeria Larrarte. Zizurkil
15 urte dituen mutil gazteak bi urte daramatza Oriako txirrindulari eskolan entrenatzen. Lehenengo aldia da duatloian indibidualki parte hartzen duena eta probatzeko ilusioarekin zegoen. Nahiz eta erreleboka aritu denean baino gogorragoa egin, txukun ibili da.  Bizikletan ibiltzea eta korri egitea hautzarotik duen zaletasuna da. Etorkizuneko probetan parte hartuko du eta Adunako probarako gogotsu dagoela azpimarratu du. 

Mikel Goya. Amasa-Villabona
Urte askotan ikusle bezala aritu ondoren, aurten, lehenengo aldia izan da Amasako mendi duatloian parte hartu duena. Duela bi urte hasi zen bizikletan ibiltzen eta herriko proba bultzatu eta babeste aldera, Gorka Camio, laguna eta kidearekin duatloian parte hartzera animatu da. Bikotea erreleboka aritu da; proba gorra egin zaie, ez baitzekiten zein erritmotan aritu, baina, hala ere, oso ederra izan dela azpimarratu du Goyak. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!