"Herrikideen laguntzarik gabe mendi duatloia antolatzea ezinezkoa da"

Irune Alfonso 2021ko urr. 15a, 07:18
Imanol Otermin adunarra eta Eneko Gurrutxaga amasarra.

Eneko Gurrutxaga eta Imanol Otermin mendi duatloiko partaideak dira. Amasako eta Adunako Mendi Duatloiak iristear dira, eta antolatzaile eta parte hartzaile lanetan dabiltza. Gozatzeko aukera izaten dute, ardurak alde batera utzi gabe

Mendi Duatloi bana antolatuko da Amasan eta Adunan. Zuek biak parte-hartzaile eta antolatzaile zarete, era berean. Nola daramazue bitasun hori?

Eneko Gurrutxaga: Hogeita zortzigarren ediziora iritsi da Amasakoa. 14 urterekin hasi nintzen parte hartzen eta orduko antolatzaileari ideiak botatzen nizkion. Gauza desberdinak probatzeko animatu eta bertako jendea gustura egoten zenez, antolatzaile taldean murgildu nintzen.

Imanol Otermin: Adunakoa, berriz, hirugarren edizioa izango da. Iaz egin behar genuen baina bertan behera geratu zen. Mendi lasterketetan eta zeharkaldietan ibilitakoa naiz, eta duatloian lauzpabost urte daramat parte hartzen. 

Hainbat proba aurreikusten dira. Parte hartzaileak berdinak izaten dira beti?

E.G.: Ez, beti ez da jende berdina ateratzen, baina portzentaia handi bat bai. 

I.O.: 30-40 lagun izango gara, proba guztietan parte hartzen ari garenak. 

Koronabirusa gainditzen ari garela diote osasun arloko agintariek. Protokoloa nolakoa izango da aurten?

E.G.: Normaltasun egoeran burutu ahal izango dela dirudi. Dutxak izango diren ala ez zalantzan gaude, seguruenik ez, baina beste guztia bai. Osasun arloko neurriak eta distantzia soziala kalean mantendu behar dira, eta hamaiketakoa eskaintzeko moduan izango gara. Beraz, normaltasunaren barruan sar genezakeen kirol proba izango da.

I.O.: Adunako kasuan, azken unera arte ez dugu jakingo. Azken proba da eta parte hartzaileen afaria egitekoak gara. Urrutitik jendea hurbiltzen baita. Baina, esan bezala, behin betiko egitaraua eta antolakuntza zehazteko egun batzuk beharko ditugu.

Eskualdeko jende asko dabil duatloi denboraldian parte hartzen?

E.G.: Txapelketa orokorrari begira, gure taldeko zortzi lagunak. 

I.O.: Aiztondo bailaran eta inguru honetan egongo dira beste 10 edo 15 lagun, baina hauek Ibarra, Amasa eta Adunako lasterketetan parte hartuko dute, gertukoen daudeak direlako. 

E.G.: Hori da, bertatik bertara egiten diren probatan bertako partaidetza igo egiten da. Euskal Herri mailako probatan gutxiago dira. Jarraikortasun batekin gure taldekook bakarrik hartuko dugu parte, elkarrekin sortzen den giroa gogoko dugulako. 

Lehiari begira, zeintzu dira aurtengo faboritoak?

I.O.: Eneko, lehenengo hiruren artean egongo zara. 

E.G.: Nahiko nuke, baina ez. Aurten puntu bat baxuago nabil. Faboritoak IÒaki Isasi eta Jon Durana dira. Eta ezin ahaztu Paul Bereziartua. Isasi eta Bereziartuaren artean ari dira txapelketa lehiatzen, eta Durana ere oso indartsu dator. Puntu bat beherago gabiltza Josu Urrestarazu eta ni neu. 

I.O.: Eta gero, gu (barrez).

Emakumeen parte hartzea garatuz doa? 

I.O.: Geroz eta gutxiago. Urteren batean 3-4 lagun ateratzen ziren, gainera, sailkapenean borroka egiten zuten. 

E.G.: Bi, hiru, eta batzuetan bost partaide izan genituen. Aurtengoan bakarra. Oso gutxi da. Ez dakigu nola asmatu, emakumeak animatzeko garaian. 

Zirkuitu osotik zein proba duzue gogokoen?

E.G.: UrduÒakoa edo Arrespalditzakoa. Txirrindularia naiz gehiago, eta bizikletan zatirik politena eta luzeena bi proba horietan aurki daitezke.

I.O.: Ez dut Arrespalditzan behin ere parte hartu. Niretzako denak dira gogorrak, ezin dut bat aukeratu. Aipatzekotan, etxekoa aukeratuko nuke. 

Zenbat lagun behar dira proba bat antolatzeko?

I.O.: Zirkuitua antolatzeko hamar lagun nahiko dira, baina, ondoren, bidegurutzeak eta beste hainbat elementu lotu behar dira. 30 lagun edo behar izaten dira. 

E.G.: Amasako eredua aipatuko dizuet. 35 lagun inguru behar izaten dira. 20 pertsona bidegurutzetan, elkarteak pintxoak prestatzen laguntzen du, postuetan beste lauzpabost pertsona, aparkalekuetan beste hiru… Laguntzaile batzuk lan batean baino gehiagotan egon behar dute. Guztira, 35 lagun izango gara eta horren herri txikian asko kostatzen da hori. 

Duatloiak zer nolako arrakasta du eskualdean?

E.G.: Aurreko asteburuan biak atera ginen BTT martxan eta 235 lagun atera ziren, hemen inguruan ehun lagun ibiliko gara hortxe-hortxe. Amasako proban gehienezko partaidetza 168koa da.

I.O.: 30-50 pertsonekin ere egiten dira duatloiak. Oso proba gogorra da. Jende gutxik egiten ditu bi kirolak batera, eta ez bazaude ohituta gogorra da. 

E.G.: Nahiz eta zure arloa bizikleta izan, korri egin ondoren bizikleta hartzea oso gogorra egiten zaio jendeari. Gogorra eta luzea.

I.O.: Orain jende gehiago ari da erreleboka parte hartzera animatzen. Bikoteka izena eman eta batek korrika eta besteak bizikletan. Adunan dagoeneko badakit erreleboka ariko direla hainbat partaide.

 

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 591. zenbakian

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!