"Lurtaro" elikadura osasuntsua, ekoizpen eredu duinak eta lurrarekiko errespetua izango duen proiektua

Irune Alfonso 2021ko aza. 18a, 10:56

Aro berri bati ekin nahi diote Tolosaldean. Elikadura osasuntsua, ekoizpen
eredu duinak eta lantzen den lurrarekiko errespetua ardatz izango duen aroa hain zuzen. Eskualdearen etorkizuna norberak eraiki behar duen mezua zabaldu nahi dute, bakoitzaren plateretik hasita. Bide horretan,  bederatzi pertsonez osatutako herritar talde batek bi urte daramatza lanean.  Hitzaldia entzutera 20 bat lagun gerturatu dira interes handiarekin, izan ere, hitzaldiaren amaieran, galdera asko egin eta solasaldia luzatu zen.

Eskualdeko 28 herrietako Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Villabona Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain,Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidania Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Zizurkil ) elikadura beharrak modu duin eta ekologikoan ase ahal izateko, bide berriak urratzen hasi dira. Helburu argi batekin dihardute lanean, herritarren elikadura beharrak asetzea, ekoizpena modu duin, ekologiko kolektiboan antolatuta. Alegia, herritarrei elikadura osasuntsua eskura jartzea da helburua; ekoizpena indartzea, kultura aldaketa  bultzatuz eta bidean ikuspegi agroekologikoa gizarteratuz.

Lurtaro proiektua lantzen ibili den taldean, askotariko pertsonek hartu dute parte: ekoizleek, kontsumitzaileek,herri mugimenduko kideek... horrela, elikadura kateaz bere osotasunean hausnartzeko aukera izanik. Izan ere, elikaduraren baitan egon litezken arazo zehatzak, ekoizpenean, banaketan edota kontsumoan, elkarri lotuta daude eta beraz erantzun integrala behar dute. Katea bere osotasunean ulertu eta aldatzen saiatuko den proiektua da hau. 

Lurtaro proiektuaren proposamena, beraz, ekoizpen eta kontsumoan antolatutako kooperatiba sortzea da. Anitzak dira Euskal Herrian azken urteetan sortu diren kontsumo antolatuko kooperatibak. Gehienak, kontsumitzaileetatik sortu dira eta, beraz, kontsumoa dute ardatz. Badira, ekoizpenetik sortu direnak ere. Lurtaro elkartearen erronka kontsumoa eta ekoizpena antolatuko dituen kooperatiba baten sorrera da. Hau da, eskualdearen kontsumo beharrei ekoizpen antolatuaren bidez erantzutea. Tokiko elikadura
osasuntsu baten aldeko apustua eginez, ekoizpenetik eraikitako proiektua sortzea; ekoizpenetik abiatuz elikadura kate osoan eragingo duen plana. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!