Jokin Altuna izan zen protagonista nagusi

Irune Alfonso 2021ko abe. 3a, 09:00

Jokin Altuna pelotariari galdera mordoa egiteko aukera izan zuten haurrek.

Bete-betea joan da Adunako kultur astea; askotariko hitzorduez gozatzeko aukera izan dute adunarrek, ipuin-kontaketa, hitzaldiak, solasaldia, musika-emanaldia, mendi-ibilbidea…  Etxean geratzeko aitzakirik ez da izan.

Umorea, drama, magia, esfortzua eta sufrimendua, elkartasuna… Horiek izan dira Adunako ekimenetan ikusi eta sentitu direnak. Amaiera eta hasiera bat gozatzeko aukera izan dute herrian; Euskal Herriko duatloieko zirkuituari bukaera ematearekin batera, kultur asteari ekin zaio. Hirugarren urtez hasi dute Adunan mendi duatloia eta, etorkizunari begira, gehiagotan antolatzeko gogoarekin daude antolatzaileak.

Urtez-urte antolatzeko gogoarekin egon diren beste kirol-ekitaldi bat ere gauzatu lortu dute aurtengo kultur astean, herriko haurrek protagonismoa izanik, Jokin Altunarekin hitzordua izan baitute. Egia esateko, amezketarrarekin egin nahi zuten solasaldia aspalditik datorren kontua da, baina, arrazoi bat edo beste, ezin izan dute oraintxu arte egin. Edonola ere, itxaroteak izan du bere alde ona, arrakasta handiarekin eliza haurrez eta gurasoz betetzea lortu baitzuen ekimenak.

Pelotaren eta pelotariaren zaleak ikusi ziren bertan, eta pelotaren inguruko galderak egiteaz gain, galdera intimoagoak egiteko aukera ere izan zuten. Adibidez, partida baten aurretik eta osteko otorduak zein diren, barruko arropa zeinek erosten dion, pelotariaren partidarik gogorrena zein izan den eta bere pelotaririk gustokoena nor den. Hitz gutxitan esateko, arratsalde borobila, bikaina izan zen honakoa eta amezketarra eredu izanik, etorkizunean pilotari izateko ametsa izan zuten askok.

Elkartasuna Saharari

Kirola alde batera utzita, Adunatik Saharara egin zuten jauzi herritarrek. Adunako Udalak tolosaldea Sahararekin Elkarteari pickup ibilgailua eman dio etorkizunean kanpamenduetan bizi diren saharauiarrek erabil dezaten. Zehatzak izateko, abenduaren 3an irtengo da Sahararen aldeko karabana. Guztira, 40tik gora ibilgailuk osatuko dute eta horietako bat izango da Adunakoa. Josu Amilibia herriko alkateak eman dizkio giltzak Sahararekin elkarteko kide den Gregorio Eizagirreri. Pickup ibilgailua urtetan aritu da herriaren zerbitzura lanean, eta beste hainbeste irautea espero dute sahararen mesedetan.

Adunako Udalak Tolosaldea Sahararekin Elkarteari pickup ibilgailua eman dio, etorkizunean kanpamenduetan bizi diren saharauiarrek erabil dezaten.

Hori gutxi ez eta beste hainbat eta hainbat ekintza burutu dira herrian, hala nola, mus txapelketa, Adunako mugarriak ibilbidea Jabier Zabalaren eskutik, eta emanaldiek ere izan dute bere pisua. “GenEroa” dantza-emanaldia eta “Luze edo motz” saioarekin genero berdintasuna, inklusioa, sexu orientazio-aniztasuna, menopausia, eta ligatzeko teknikak izan dituzte hizpide lengoaia ezberdinetan; lehena dantza garaikidearen eta gorputz dinamikaren bidez; eta, bigarrena, aldiz, umorea eta interpretazioa landuz.

Kultur astea amaitzeko, musikari bere lekua eman zitzaion:  Xexili, musikarien zaindaria izanik, Loatzo musika-eskolako kideek emanaldia eskaini diete guraso zein herritarrei, haren eguna omentzeko. Etxean geratzeko aitzakia gutxi izan zen, beraz, iragan astean Adunan. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!