Belkoaingoa, hildako matxinatuak goratzeko gurutzea

Xabier Lasa 2022ko urt. 7a, 08:00

Belkoaingo gurutzea 1939ko irailean zutitu zuten. 1998ko irailean, Adunako herritarrek ikurriƱa ipini zioten.

Falange Española Tradicionalista y de las JONS elkarteak bultzatu zuen gurutzearen egitasmoa, matxinada frankistaren alde hildakoak goresteko asmoz, eta Adunako Udalarekin elkarlanean jardun zuen horretarako. 1939ko irailaren 24an zutitu zuten.

1939ko apirilean, Francisco Franco diktadoreak ofizialki garaipen militarra aldarrikatu zuenez geroztik, “Gorri eta Separatisten aurkako eta Jainkoaren eta Aberriaren aldeko Gurutza Santuan hildakoen oroimenean” makina bat gurutze, plaka, monumentu eta abar ipini zituzten nonahi, Espainiako estatuan. Horietako asko 1936ko uztailaren 18an altxatu ziren eta indar matxinatuek borrokaldi latzen ostean militarki mendean hartu zituzten eremuetan izan ziren. Eskualdean, zehazki, matxinatu faxistek Errepublikaren aldeko defentsa batzordeak garaitu zituzten hiru mendi gainetan altxatu zituzten gurutzeak, 1939an: Belabietan, Buruntzan eta Belkoainen.

Belkoaingo mendiari dagokionez, gogoratzekoa da 1936ko abuztuko bigarren hamabostaldian, bertan, eta, aldi berean, Buruntzan, gertatu ziren borrokaldiak. Nafarroatik heldu ziren matxinatuak Donostia eta Gipuzkoa lehenbailehen  hartzeko asmotan ziren, eta Zizurkil, Aduna eta Andoain abuztuaren 16an hartu zituzten. Ibilbide horretan, alabaina, Errepublika zaleen erresistentziarekin egin zuten topo bi mendi horietan, estrategia militarraren ikuspegitik gotorleku egokiak ziren lekuetan, hain zuzen.

Buruntza, gehienbat, eskualdeko miliziano sozialista, komunista eta anarkistak defendatu zuten. Aldiz, Belkoainen Azpeitian osatu berria zen Defentsa Batzordeko euskal miliziak (EAJko Mendigoixaleak edo Euzko Gaztedi edo Jagi-Jagiko kideak) ibili ziren, Saseta kapitainaren agindupean. Nabarmena zen desoreka armamentuaren aldetik, eta Adunatik eta Sorabillatik erasoka zebiltzan frankistek abuztuaren 28ko egunsentian hartu zuten Belkoain. Bi egunen buruan, berdin egin ahal izan zuten Buruntzan. Erasotzaileek batik bat Buruntzan pairatu zituen giza-bajak (80 bat, hildako eta zaurituen artean).   

Matxinatuak goratzeko sinboloa

Gurutzea zutitzearekin egileek eman nahi izan zioten esanahiaz jabetzeko, egokiena, Gipuzkoako baso-barrutiko ingeniariak Adunako alkateari idatzi zion gutuna irakurtzea izan daiteke. Baso eremu publikoan gurutzearen eraikuntza-obra egiteko baimena emateaz gain, honela mintzo zaio: “(…) he de manifestarle la satisfacción que me produce ver el elevado espÌritu patriótico de ese pueblo que quiere perpetuar en forma tan visible y con el símbolo excelso de cristianismo el recuerdo de los camaradas caÌdos en defensa de la Religión y de la Patria con la victoria conseguida por el auxilio de Dios y el acierto de nuestro glorioso Caudillo”.

Zortzi metroko gurutzea

Zortzi metroko hormigoizko gurutzea da Belkoaingo tontorrean zutik dagoena, 1939ko irailaz geroztik. Kuriositatez, esan beharra dago gurutzearen hiru puntek belardietako landare mota den hirustaren forma daukatela. Benetako intsignietan azaltzen da, lurreko boterea adierazteko. Kristautasunaren sinbologian, hirustak Kristoren berpiztea edo Hirutasun Txit Santua esan nahi du.

Ez dago konstantzia idatzirik bere gurutzearekin batera plakarik jarri zutenik orduan. 1998an, Adunako herritarrek txango berezia egin zuten tontorreraino, eta, gurutzearen puntan, oihalazko ikurrina jartzeaz gain, gurutzeari plaka erantsi zioten. Egun, bertan jarraitzen du plakak, eta zera dio: “1998ko irailaren 20an jarri genuen. Adunako herritarrak”. 

Geroztik, txapazko ikurrina jarri zuten, oihalezkoa kenduta; izan ere, goi paraje horietako haize erauntsiek ikurrinaren oihala txikitzen joan ziren denboraren poderioz.

Bestalde, gurutzeak, bere oinarrian, Euskalduna mendigoizale taldeak jarritako buzoia dauka; igela dauka gainetik. Gurutzetik gertu, Adunako Udalak eta Aranzadik jarrita, Saseta defentsa-sistemari buruzko informazioa helarazten duen panela dago. Memoria historikoaren alde 2012an abiatutako ikerketa arkeologikoaren jarraipena izan zen panela jartzearen ekimena.

Berez, gurutzea (484 m.) ez dago Belkoaingo punturik goienean. Hain zuzen, ipar-ekialderago (489 m.) kokatzen da tokirik garaiena, eta bertan erpin geodesiko bat dago.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!