Adunako gaztetxoen lehen aukera pilota da

Irune Alfonso 2022ko ots. 5a, 12:54

Xabi Tejeria Txulobi pilota elkarteko kideetakoa da.

Adunan pilotak zaletasun handia izaten jarraitzen du, neurri handi batean Txulobiren lanari esker. Bost talde ezberdinetan banatuta, hogeita bederatzi haur eta gaztetxo trebatzen ari dira Adunan. Xabier Tejeria Txulobi elkarteko kideari elkarrizketa.

Gaur egun, zer nolako funtzionamendua du Txulobi pilota eskolak?

Astelehenetik ostegunera luzatzen da entrenamenduen egutegia, bederatzi ordu guztira. Ostirala kanpo geratzen da, txapelketako partiduetarako uzten baita. 

Bost talde ditugu, 29 ume guztira. Palan, benjamin-alebinetan sei ume, lau neska eta bi mutil, eta kadeteetan hiru neska. Eskuz, aurre benjaminetan zazpi mutil, benjaminetan zazpi mutil eta alebinetan bost mutil.

Neska pilotarien gorakada nabaritu al da Txulobi jaio zenez geroztik?

Txulobi 2011/2012 denboraldian sortu zen, 2012an ofizialki. Gaur egun, zazpi neska ari dira palan, beste urteren batean gehiago ere izan dira.

Entrenamenduak bezain garrantzitsuak al dira zuentzat partidak eta lehiaketak?

Baietz uste dut, izan ere, orokorrean, umeek lehiatu nahi izaten dute, eta partidak jokatzekoak dituzten asteetan urduritasuna edo entrenatzeko garaian gogo berezia sumatzen zaie.

Haurrak nola sentitzen dira entrenamenduetako fruituak ikustean? 

Pentsatzen dut astean egindako ahalegina gero partiduetan islatzea dela guztien ametsa. Nolanahi ere, garrantzitsuena ondo pasatzea eta hurrengo entrenamendurako gogoz egotea behar du izan helburu nagusia. Emaitzak, iritsiko dira… 

Zein lehiaketatan hartzen duzue parte, edo aurreikusten duzue parte hartzea?

Denboraldia hasi berritan pilota topaketak izan dituzte Villabonan, Tolosan, Bidanian..., bai eskuz eta bai palaz. Eskolartekoak eta Gipuzkoako txapelketak ere jokatu dituzte. Orain, udaberriko txapelketa eta Aiztondoko pilota topaketa jokatuko dira, osasun egoerak uzten badu.

Bestalde, aipatzekoa ere bada kadete mailako neskak palaz Euskal Herriko kluben arteko txapelketa jokatzen aritu direla. 

Azkenik, herriko jaietan, Trans-Ernio txapelketa ere jokatzen da, Txulobik berak antolatuta. Benjamin, alebin, infantil eta kadete mailako eskuz binakako txapelketa da; Adunako pilotalekuan jokatzen da, eta Gipuzkoako pilotari gazte ugari herrira erakartzen ditu.

Pilotazalea izan da Aduna orain arte. Eusten al dio zaletasun horri?

Zaletasuna egon, badago. Izan ere, frontoian beti ikusiko dituzu umeak eskuz, palaz edo erraketaz jokatzen. Gure nahirik handiena horixe da: frontoian beren kasa dabiltzan umeak ikustea, eta horiek Txulobiko partaide izanik goza dezaten pilotarekin.

Azken urteetako errealitateak esaten digu Gipuzkoako pilota eskoletan jeisten ari dela pilotarien kopurua; nahiko orokorra da egoera. Arrazoien artean egon litezke, besteak beste, beste kirolekin -futbolarekin batik bat- dagoen lehia, edo behin kadetetara iritsita pilotak gogortu eta eskuko minekin hasten direla. 

Adunako gaztetxoen lehen kirol aukera pilota da. Antolatuta dagoen kirol jarduera bakarra da. Txulobik eutsi egiten dio jokalari kopuruari jokalarien kopuruari, baina datu horrekin ezin gara konforme geratu. Horrela, gure asmoen artean dago, herri ikastetxearekin hitz egin, eta elkar hartuta, bertako ikasleen artean pilotarako zaletasuna sustatzea.

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!