Kafea Eco, kafe-kapsulak birziklatzeko gunea Bulandegi bidean

Aiurri 2022ko ots. 3a, 18:51

Bart Donostiako Kursaal jauregian Ekonomia Zirkularraren Nazioarteko Topaketaren laugarren edizioa ospatu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez. Gaurkoan bertako hainbat kide eskualdeko instalakuntza ezberdinak ezagutzen izan dira. Besteak beste, Adunako Bulandegi bidean egoitza duen Kafea Eco gunean.

Kafea Eco ekimena Ekograsen zerbitzu paraleloa da, eta kafe-hondakin guztiak birziklatzea du helburu. Aldundiak zabaldutako oharraren arabera, “munduan 161 milioi kafe-zaku kontsumitzen dira eta 20.000 milioi kapsula zaborretara botatzen dira urtero. Ostalaritzako hondakinak zabortegian amaitzen ziren, kafe-kapsulak bezala, edukiontzi horia ez baita leku egokia. Gaur egun, Kafea Ecok kafetik eratorritako hondakinen %100 birziklatzeko gaitasuna du”.

Enpresa talde berekoa da Ekogras, sukaldean erabilitako olioa biltzeko zerbitzu integrala eskaintzen duen enpresa. Garatu duten sistema telematikoaren bitartez, Aldundiak bidali duen oharraren arabera, olio-ontziak biltzen dituen makina noiz dagoen beteta jakin dezakete. Jakinarazpenak jaso ondoren, olio-ontziak biltzen dituzte eta azterketa eta mantentze-lanak egiten dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!