5 urteetan ia 300 langileko enpresa izatera iritsi gara, merkatuan autobusak egiten dituzten makro enpresekin parez pare lehiatzen ari gara eta etorkizun oso oparoa duen enpresa gara.
Hau guztia ez zen posible izango langileen konpromisorik gabe, langileen sakrifiziorik gabe. Tamalez Irizar Taldea gidatzen duen Irizar S.Coop-ek ez ditu taldeko langileak beraien burua bezain ondo zaintzen eta honen ondorio zuzena da 70 langile inguruk (langileen ia laurdenak) beste enpresetara alde egitea.
Irizar e-mobilityn lehen unean ulergarri izan zitekeen produkzioaren desordena gaur egun mantentzen da eta honek zuzenki eragiten du langileen lan baldintzetan, langileak momentu batzuetan legez kanpoko gauzak egitera behartuz. Lan baldintzek langileen sumina pizten doazen heinean, ikusten dugu nola azken urteetan produkzioa 6 bider handitu den, nola kartera handituz doan produkzio erritmoa behin eta berriz handitzera behartuz eta nola langileen eskubideak eta lan baldintzak bide ertzean estankatuak ditugun.
Aurten enpresako ituna negoziatzeko urtea da, langileak urteetan egindako lana eskertzeko unea da eta etorkizuneko langileentzat lantegi erakargarri bat egiteko unea da.
4 hilabete pasa dira negoziazio mahaia martxan jarri zenetik eta zuzendaritzak ez dio langileen eskaerari behar duen garrantzia ematen, gainera, hau gutxi balitz, negoziazioa baldintzatu dute beraien itun proposamena onartzera behartuz.
Enpresaren azken jarrera ikusirik Irizar e-mobiltyko langileak Apirilaren 25ean greba mugagabeari ekingo diogu, horrelako enpresa batek merezi duen lan itun baten alde eta ondoren aipatzen ditugun baldintzak bermatuko dituen itun duin baten alde!
-
Lan berdina, soldata berdina.
-
Irteeretarako baldintza duinak eta berdinak denentzat.
-
Esfortzu gehigarriak konpentsatuak.
-
Langile guztien bizitza pertsonala eta kontziliazioa bermatzea.
-
Puntu bat bera ere ez egotea lan hitzarmen azpitik.