Baserriko sagastiari merezitako balioa eman nahi dio Errebelde sagardo upategiak

Ainhoa Gil 2022ko eka. 13a, 07:53
Josu Ozaita eta Xabier Aranburu, Adunako sagastian. Bertatik ateratzen da Errebelde sagardoa.

Duela hiru urte sortu zen Errebelde sagardo upategia, Adunan. Etxeko sagastia zaindu eta haren fruituen saldari dagokion balioa ematea du helburu. Etengabeko bilaketan, sagardo bereziak ekoizten dituzte.

Adunako Arrazubi baserriko sagastiari merezitako balioa ematea; horixe da Xabier Aranburu, Josu Ozaita eta Jaione Aranbururen helburu nagusia. Helburu horrekin sortu dute Errebelde upategia. Xabier eta Jaioneren aitona zenak jarri zuen sagastia Arrazubin 1991 urtean, eta azken urtetan, saldu egin izan dute bertako sagarra.

Xabierren osaba Manuelek zaindu izan ditu sagastiak. Eta urtetan etxekoek egindako lan horri jarraipena ematea pentsatu zuten Josuk eta Xabierrek. “Sagastiari balioa eman nahi genion. Garbi genuen paisaia zaindu egin behar dela. Helburu horri eusteko azken produktua ateratzea lortu behar genuen; sagardoa eginez”. Probak egiten hastea erabaki zuten eta horixe izan zen upategiaren lehen harria. Tolare txiki bat erosi, eta martxan jarri ziren. “Aurreko belaunaldikoek ez zuten sagardoa egiten eta ez dugu jaso kultura hori etxean. Jakoba Errekondorengana jo genuen eta hark irizpide batzuk markatu zizkigun. Beldurra galdu eta aurrerapausoa ematera animatu gintuen”.

Produktu zaindua

Asko zaindutako sagardoa egiten dute Errebelde upategian. Josu Ozaitak azaldu duenez, “sagarraren bilketa bera ere oso zaindua da. Heldu ahala biltzen ditugu sagarrak eta, 10 kiloko kaxetan, sagar mota bakoitza bereizita. Modu horretan eginda, asko luzatzen zaigu sagar-bilketa. Izan ere, badira abuztu bukaeran helduta dauden sagar mota batzuk, eta badira urria amaieran biltzen direnak ere. Bilketa horrela egiteak eragina du sagardoaren kalitatean”. Ilargiaren gora-beherak ere kontuan hartzen dituzte, botilatzerakoan. “Hori etxetik jaso dugu, eta baita gure kabuz ikasten ere”.

25 sagar mota dituzte Arrazubiko sagastian. "Bereizita biltzen ditugunez, ondo jakin dezakegu kupel bakoitzean zein sagar mota dagoen eta zein proportziotan. Sagarra bildu eta hurrengo egunean egiten dugu sagardoa”. Egurrezko kupeletan ontzen dute sagardoa. “Gure sagardoa erabat naturala da, sagar hutsarekin egina”.

Harrera bikaina

Gustora daude euren sagardoak izan duen harrerarekin. “Tolosako Ama tabernako kideek kalitatea zaintzen dute, apustu hori egin dute eta gure sagardoa erosten dute. Ahoz ahokoak ere indar handia du produktua ezagutarazteko garaian. Bestalde, Instagram-eko kontuaren bidez ere lotu ditugu salmenta batzuk”. Inork Errebelde upategiko kideekin harremanetan jarri nahi badu, instagram kontuaren bidez edota rbldsagardoak@gmail.com helbidera idatzita egin dezake. Salmenta hutsa egin ordez, hitzordua lotzen dute erosketa egin nahi duen bezeroarekin. “Arrazubin geratzen gara, sagastian bertan elkartu eta sagardoa proba dezaten. Gure iritziz garrantzitsua da sagardoaren atzean dagoena ikustea. Gure proiektua ezagutaraztea gogoko dugu eta jendeak oso ondo erantzuten du, denbora hartzen dute hona etorri eta gurekin egoteko. Sorpresa polita izan da guretzat. Ezjakintasunetik sartu gara mundu honetan. Asmatu egin dugula dirudi eta jendea pozik dagoela egiten dugunarekin. Hori oso pozgarria izan da guretzat”.

Bost sagardo ezberdin

Bost sagardo ezberdin ekoizten dituzte Errebelden, tartean, baita sagar mota bakarrarekin egindakoak ere: “Manttoni sagarrarekin egin dugu bat. Nahiko sagar orekatua da, eta sagardo ona ateratzen da. Bestea urdin sagarrarekin egindakoa da. Gorputz gehiago du honek, kolore iluntseagoarekin. Sagarrak garrantzia handia du sagardoa egiteko garaian. Bakoitzak bere ukitua ematen dio eta hori orain ari gara ikasten”. Sagardo aparduna ere egin dute aurten, lehen aldiz. “Botilan egiten du ia prozesu guztia eta botilak ere gogorragoak dira, lehertu ez daitezen”. Sagar zukua ere ekoitzi dute. “Lehen ez zen batere ohikoa, baina sagardogile batzuk hasi dira zukua egiten. Guk ere proba egitea erabaki genuen”. Sagardoa egiteko prozesuan, asko ikasi dutela azpimarratu dute bi gazteek: “Eta oraindik dena dugu ikasteko. Asko ari gara gozatzen. Probak egiten ari gara, barietate ezberdinak nahasten. Aitonak ikuspegi zabala izan zuen eta zazpi hektareako sagastia jarri zuen, 25 sagar-mota ezberdinez osatuta. Guk, gure aldetik, balioan jarri nahi dugu sagarrondo zaharra, garai batean jartzen zena”.

Etxeko sagarrekin

Bi urtez behin egingo dute sagardoa. “Etxeko sagarrekin egin nahi dugu sagardoa eta, normalean, bi urtez behin ematen du sagarra. Beraz, datorren urtean ziurrenik ez dugu sagardorik egingo. Guk ez dugu txotx denboraldirik, eta horrek lasaitasuna ematen digu”.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!