Gipuzkoako Foru Aldundiaren sagardo lehiaketa irabazi du Aburuzak

Aiurri 2022ko eka. 23a, 12:37

Josu Aburuza, Xabier Arruti Nekazaritzako eta Lurralde Orekako Zuzendariarekin eta Markel Olano Diputatu Nagusiarekin (Argazkia: Foru Aldundia)

Eskualdeko sagardogile gehiagok jaso dute aipamen berezia.

"XXI. Sagardo lehiaketa. Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak" txapelketaren sari-banaketa egin dute gaur goizean. 

Lortutako puntuazioaren arabera hiru kategoriatan banatu dira sagardoak: urrea 72 puntutik gora, zilarra 65 eta 72 puntu artean, eta brontzea 60 eta 65 puntu artean. Aldundiak emaitzaren berri eman du: “Sagardo Lehiaketako 2022ko edizioan hamasei izan dira 60 puntutik gora lortu dituzten sagardoetxeak: brontzezko kalifikazioa lortu dute Gaztañagak eta Itxas-Buruk. Zilarrezkoa Gurutzetak, Lizeagak, Petritegik eta Zelaiak. Eta urrezkoa, berriz, Aburuza, Akarregi, Altzueta, Alorrenea, Begiristain, Etxeberria, Isastegi, Oiharte, Saizar, eta Zapiain sagardotegiek. Txapeldunetan txapeldun, ordea, Aburuza sagardoetxea gailendu da. Saritu guztiek euren botiletan, datorren urte osoan, zigilu akreditatibo bat eramateko aukera izango dute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko sailkapena erakutsiko duena".

Saritu guztiak, argazkirako bilduta. Tartean, makurtuta eta ezkerretik hasita, lehena Asier Gaztañaga (Gaztañaga), bigarrena Jon Pagola (Itsasburu), eta bosgarrena Josu Aburuza (Aburuza).

 

Epaimahaiaren erabakia

Andoni Eizmendik, Aitor Mendiluzek, Mikel Garaizabalek eta Fraisoroko dasta-paneleko hiru dastatzailek osatu dute epaimahaia. Horiek Aburuza sagardoetxeak egiten duen sagardoaren kalitate analitiko eta organoleptikoa jarri dute balioan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!