"Alkatetzan egindako urteak oso aberasgarriak izan dira”

Ainhoa Gil 2023ko urt. 30a, 07:30
Amilibia Adunako udaletxean. Hauexek dira bere azken hilabeteak aginte-postuan.

Hamaika urte bete dira Josu Amilibiak Adunako alkatetza hartu zuenetik. Urte hauetako ibilbidearen errepasoa egin dio Aiurriri, agintaldiaren amaieran agur esango baitio alkatetzari.

2012ko urtarrilean hartu zenuen Adunako alkatetza, prozesu berezi baten ondoren. Nola gogoratzen dituzu egun haiek?

Prozesu ezberdina izan zen, bai. 2011ko hauteskundeetan ezker abertzalea legez kanpo utzi zuten. Aurreko agintaldian zinegotzi nintzen ni, eta udal-talde hura erreleboa eskatzen ari zen. Hauteskundeetarako zerrenda berria osatzen saiatu ginen, baina beharrezkoa zen aurreko zerrendatan agertu gabeko jendea izatea. Saiakera egin arren, ez genuen lortu zerrenda berria sortzea eta, PP bakarrik aurkeztu zen. Udaletxean sartu ahal izateko, beharrezkoa zuten bozken %5a lortzea eta gutxigatik ez zuten lortu. Hauteskundeak hutsik geratu ziren eta, aurreko talde bera geratu zen udalean, funtziotan. Arantza Aburuza zegoen orduan alkate, eta uzteko gogoz zegoen. 2012ko urtarrilean hartu nion erreleboa, sei hilabeteko prozesuaren ondoren. 2015 arte funtziotan jarraitu genuen.

Hamaika urteko ibilbidea bete duzu Adunako alkatetzan. Zein proiektu nabarmenduko zenuke?

Lehen inbertsio handia, Zizurkil aldetik igotzen den errepideko espaloia egitea izan zen.Foru Aldundiak ordaindu zituen errepideko lanak, Adunako Udalak espaloikoak. Momentu hartan bertan hasi ginen herri osoan LED argiteria jartzen. Kirol kantxa berria egitea, frontoia eraldatzea, kanposanturaino espaloia egitea...  Txantxane etxeko obra guztia ere azpimarratzekoa da. Liburutegia, denda-taberna, haurren lokala eta kanpoaldearen urbanizazioa egin dira. Ur parkea ere egin da azken urte hauetan. Garrantzitsua izan da, baita ere, hondakin sistemaren aldaketa. Gaikako bilketa %25-%30 izatetik, %80-%90-era pasa gara eta, herrian kudeatzen dugu materia organiko guztia.

Azpimarratzeko modukoa iruditzen zait, baita ere, urte guzti hauetan oroimen historikoaren inguruan, Saseta defentsa sistema azaleratzeko egin diren lanak.

Industrialdea sortzeko egin den kudeaketako ere aipatzekoak dira. Enpresa asko etorri dira Adunara eta mugimendu handia sortu da.

Azken urteotan, gainera, inbertsio handia egin da mendi-bideak konpontzeko eta, horrez gain, behar beharrezkoak diren beste hainbat inbertsio ere egin dugu; aisialdian, kulturan, gizarte zerbitzuetan, ongi-izatean... Gauza horiek ez dira ikusten, baina oso beharrezkoak dira eta guk beti izan dugu argi gauza horiek guztiak lagundu egin behar direla. Herritarrak gerturatu direnean haiei erantzuna ematen eta laguntzen saiatu izan gara beti eta, eskolan egindako inbertsioak ere garrantzitsuak izan dira.

Beste hainbat gai kudeatzea ere egokitu zaizue...

Bai, AHTaren inguruan lanketa handia egin genuen. Izan ere, hiru betelan handi aurreikusten ziren proiektuan, bi Adunako lurretan eta beste bat Zizurkilen.Triskantza handia ekarriko lukete betelan horiek. Hainbat pauso eman ondoren, lortu genuen lur horiek guztiak Adunako minetara eramatea. Bi arazo bideratu ziren modu horretara; batetik, Kelsen enpresaren atzealdetik, askoz ere eragin txikiagoa eginez bideratu ziren betelanak, eta bestetik, aspaldiko arazo ziren mina kutsatuei ere irtenbidea eman zitzaien.

Azken hilabeteetan sartu da agintaldi hau. Epe horretan, zein lan egitea aurreikusten duzue?

Andoain aldera jaisten den errepideari espaloia jarriko zaio. Obra handia da eta zenbait hilabetez itxita egongo da errepide hori, baina emaitza ederra izango duela uste dugu. Horrez gain, eguzki plakak jarriko ditugu pilotalekuan, udalaren autokontsumorako. Udaletxean bertan zenbait lan egingo dira eta, Goizargi etxearen inguruan kable batzuk lur azpira eraman eta urbanizazio lanak egingo dira.

Beste ekimen eder bat ere badugu, sagardogileekin batera landu duguna. Sagastietan barrena ibilbide bat prestatu dugu, panelekin markatuta. Urtean zehar ekintzak egingo ditugu bertan, eta jendearentzat zabalik egongo dira, bertan ibili ahal izateko.

Bestalde, Plan Orokorraren aldaketarekin hasi gara. Urte batzuetako lana ekarriko du horrek, baina dagoeneko zenbait lursail hitzarmenez lotu dugu, etorkizunean etxebizitzak egin ahal izateko.

Hamaika urte hauetan aurrera eramaterik izan ez duzuen ekimenen batek aipatuko al zenuke?

Etxebizitzak eta herriko gazteak, bi gai potolo dira udalarentzat eta herriarentzat, eta bi arantza horiek geratu zaizkit.

Maila pertsonalean, zer eman dizu alkatetzan egoteak? Zer ikasi duzu?

Beti esaten dut, ez zaidala hainbeste ikasteko aukera emango duen beste lanbiderik bururatzen. Denetarik ikasten da alkatetzan. Hirigintza, gizarte-zerbitzuak, kultura..., gai ezberdin asko ukitzen dituzu. Giza harremanak ere aberasgarriak dira; herritarrekin, abokatuekin, arkitektoekin, beste herrietako alkateekin, erakunde ezberdinetako ordezkariekin, mankomunitateetako kudeaketan... Momentu batzuetan nekagarria ere izan daiteke. Alkatetzara sartu nintzenean oso ume txikiak nituen, eta denera ezin iristearen sentipen hori ez zen erraza izan. Nolanahi ere, ikaragarri aberasgarria izan da bidea.

2023ko hauteskundeak ate joka ditugu. Josu Amilibia ikusiko al dugu hautagai?

Ez, ez naiz aurkeztuko. Taldearen zati batek jarraitu egingo du eta horrek egonkortasuna emango dio, baina ni ez naiz alkategai izango. Datorrenari laguntzeko prest nago, noski, eta oso barneratuta daukat lehen hilabetetan zalantza asko argitzen joatea egokituko zaidala. Gustura egingo dut.

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!