Eizmendik irabazi zuen Gorostidi Harriaren XV. Txapelketa

Aiurri 2023ko api. 24a, 09:20

Jokin Eizmendik irabazi zuen bost harrien “Gorostidi Harriaren XV. Txapelketa”, Adunako frontoian atzo, Adunako Udalak antolatuta. Zortzi harri-jasotzaile lehian, bost harri desberdinekin: Jokin Eizmendi, Paulo Azpiazu, Jon Unanue, Iñigo Eizagirre, Aimar Galarraga, Xabier Aranburu Guzta, Imanol Royo eta Gari Garmendia. Argazki eta bideo sorta, ikusgai:

Zortzi kirolariek bost harri ezberdin altxa behar izan dituzte, bi txandatan bakoitza: 150 kiloko kubikoa, 160 kiloko zilindro zaharra, 155 kiloko errektangular zaharra, 100 kiloko bola eta 139 kiloko harri baldarra.

Hona azken sailkapena:

1.- Jokin Eizmendi: 01:55.

2.- Paulo Azpiazu: 02:32.

3.- Jon Unanue: 03:35.

4.- Iñigo Eizagirre: 03:44.

5.- Aimar Galarraga: 03:45.

6.- Xabier Aranburu Guzta: 04:22.

7.- Imanol Royo: 05:50.

8.- Gari Garmendia: azken harria, 155 kiloko errektangular zaharra, ezin izan du jaso.

 

Beste bi harri, erronka harri-jasotzaileentzat 

Eizmendi izan da 208 kiloko zilindro zaharra altxatzea lortu duen bakarra, ez behin bitan baizik. Ikuskizun bikaina eta ikusgarria eskaini dute zortzi harrijasotzaileek, eta gozatu ederra hartu zuten Adunako frontoia lepo jarri zuten ikusleek. Antolatzaileek bigarren harria ere, 185 kiloko zilindro zaharra, plazaratu dute, nor jaso esku bakarrarekin, Gorostidik bere garaian egin zuen moduan. 500 euroko saria jarri dute, baina inork ez dio aurre egin erronkari.

Kirol saioa Joxe Anjel Sarasola asteasuarrak aurkeztu du. Bestalde, ETBk saioa osoa grabatu du, hurrengo egunetan emititzeko asmoz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!