M28 Aiztondo

Kultur aretoa herrikidez bete zen

Aiurri 2023ko mai. 21a, 10:19

Kristina Rodriguez EH Bilduko alkategaiak eta hautes-zerrendak aurkezpen ekitaldia egin zuten, Adunako kultur etxean. Interes bizia antzeman zen, aretoa jendez bete zelako.

Nork kudeatuko du herria herritarrek baino hobeto? Horixe zen aretoan nabarmendu zen galdera. Erantzuna ere argia zen han zirenentzat, parez pare zituztelako gobernu taldean jarraitu nahi duten herritarrak. EH Bilduko zerrenda herritarrez osatuta dagoelako.

EAJ-PNV eta PP alderdiei mezu zuzena adierazi zitzaien ekitaldian: “Aurkezteko eskubide osoa dute baina zer eskainiko diete ezagutzen ez duten herriari?”.

Ildo nagusiak, etxebizitza eta industrigunea

Aduna herri euskalduna, parekidea eta bizia. Horrela definitu zuten eta horrela izaten jarraitu nahi dute. EH Bilduk, bestalde, etorkizunari begira, etxebizitzari eta industriari begira iragarpenak egin zituen ekitaldian bertan.

Etxebizitzari dagokionez, Adunako gazteek bertan geratzeko aukera izango dute. Kamioko eremuan 20 etxebizitza egingo dituzte, lehen fasean. Haietatik 18 Udalaren hitzarmenekoak. Eta aurrerago eremu berean 24 gehiago eraikitzeko aukera egongo da. Aurrerago beste ekimen batzuk martxan jartzeko egitasmoak ez dira faltako, etxebizitzari dagokion alorrean.

Industriarekin jarraituz, Erriberaren fase berrien garapena iragarri zuten.

Mugikortasuna

Andoain eta Zizurkil arteko bidegorriaz hitz egin zuten Adunako bileran, eta Udalak eta Aldundiak GI-3610 errepidea Aldundiaren ardurapekoa izateko akordioaren berri eman zuten. Bertan adierazi zutenez, akordioa sinatuta dago “urte askotako lanaren ondoren”.

Soka eten gabe, etorkizunari begira jarraitu nahi du EH Bilduk, “orain artekoek egin izan duten politika jarraituz: elkarlanean”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!