80ko hamarkadatik, Adunako Udalean kolore ezberdinetako gobernuak egon dira: hasieran EAJ, gero urte luzez zerrenda independenteak eta azken legealdietan EH Bildu. Denek egin dute lan herriaren alde, eta denak egon dira herritarrez osatuta, eta argia iruditzen zait, denei esker, Adunak izan duen ibilbide oparoa. Esan bezala, horregatik guztiagatik jakin nahiko nuke zein den adunarrik gabeko zerrenda horren helburua. Orain arte gaizki egin al dute Adunako kolore politiko ezberdinetako herritarrek, kanpoko zerrenda oso bat behar izateko? Horren harira, atentzio handiz irakurri dut hautagaiari Aiurrin egindako elkarrizketa. Esan behar dudan lehenengo gauza: zalantzak ez dizkit argitu. Erantzun orokorrak ematen ditu, herria ezagutzen ez duen seinale, nire iritzian behintzat. “Hirigintza politika herrikoiagoa behar dugu” esaten du, baina ez du argitzen zein izan diren orain arte eman diren hirigintza politika ez-herrikoi horiek.
Bigarren gauza: proposamen zehatzez galdetzen zaionean, Erriberako errepideaz eta Foru Aldundiarekin egindako hitzarmenaz hitz egiten du. Errepidea zabaldu eta Foru Aldundiaren esku uzteko asmoa daukatela esaten du, eta bidegorriari segida eman nahi diotela. Bigarren aldiz, aho bete hortz gelditu naiz. Esan behar da, hamarkadetan zehar, Adunako Udalaren eskaera izan dela (kolore politikoetatik haratago) bide hori zabaldu eta Foru Aldundiaren esku uztea, eta jakin beharko luke, aurtengo otsailean Aldundiarekin sinatu genuen hitzarmen horretan, errepidea zabaltzea eta Foru Aldundiaren esku uztea lotuta dagoela, errepidea zabaltzearen proiektua idatzita dagoela, eta bidegorriari, Erribera industriagunearen 3. eta 4. faseen garapenekin batera, segida emango zaiola. Horren guztiaren ondorioz, hautagaiari eskatuko nioke, oraindik beraien helburua ulertzen ez dudan honetan, gutxienez, besteek egindako lanak ez bereganatzea.