Ikastolen Elkarteak eta Eusko Ikaskuntzak Elkar Sariak jaso zituzten Adunan

Xabier Lasa 2023ko mai. 26a, 14:05

Ikastolen Elkarteak eta Eusko Ikaskuntzak Elkar Sariak jaso zituzten atzo, Elkar Fundazioak Adunan daukan egoitzan. Ekitaldi berean, Juan Mari Irigoien idazlea gogoan hartu zuten, eta Begoña Alkiza alargunari oroigarria eman zioten. Castillo Suarezek eta Juantxo Zeberiok poesia errezitaldia eskaini zuten. Karolina Sainz de Bikuñak aurkeztu zuen ekitaldia, bi bideotan ikusgai:

Ikastolen Elkarteak Ibilbideari 2023 Elkar Saria jaso zuen. Saria jasotzeko merezimenduen arloan, Elkar Fundazioak adierazi zuenez, “Luzea eta handia da Euskal Herrian ikastolek egin duten ibilbidea euskara eta euskal kultura zokoratuta eta galarazita zegoen garaian hasi eta gaur arte euskara erdigunera eramateko. Hezkuntza euskaldunaren aldeko zutabeak eraikitzeari ekin zioten garai hartako euskaltzaleek, asmo argi batekin: haien seme-alabek euskaraz ikas zezatela. Lan haren emaitza izan ziren herriz herri eraikitzen joan ziren ikastolak, eta orduan abiatutako lan horren emaitza da gaur egungo ikastolen sarea, haiek biltzen dituen Ikastolen Elkartea, zeina nazio mailako erakundea den, Euskal Herriko zazpi lurraldeak bere baitan hartzen dituena, eta “europar kooperatiba” gisa egituratua”.

Ondoren, antolatzaileek gogora ekarri zuten ikastolen sarea eta Ikastolen Elkartea Euskal Herriko hezkuntza euskalduntzen joateko ezinbestekoam izan zirela 60 eta 70eko hamarkadetan. “Haien ekarpena ezinbestekoa izan da hezkuntza euskaldunaren eta euskararen berreskurapenaren bidean, beste hainbat eragilerekin batera, eta Elkar Fundazioaren ustez merezimendu osoa dute sari hau jasotzeko”.

Ikastolaren Elkartearen izenean, Koldo Tellituk jaso zuen saria. 


Eusko Ikaskuntzak, Proiektuari Elkar Saria

Eusko Ikaskuntzak jaso zuen Proiektuari Elkar Saria, atzoko ekitaldian. Joseba Jaka bekarekin tartekatuta bi urtetik behin ematen den Saria da horixe.

Proiektuari Elkar Sariak zer nolako ekarpena egin nahi duen zehaztu zen ekitaldian, “Kultura txikietan -gutxitua zein ez gutxitua izan- garatzen ari diren kultur politikak aztertu eta ezagutzea da proiektu horren bidez lortu nahi dena. Zein dira kultura txikietan garatzen ari diren kultur politikak? Nola ari dira aurre egiten gure inguruko beste kulturak globalizazio eta digitalizazio garaiotan lekua egiteko eta bakoitzak bere herrian zentraltasuna izateko?”.

Egitasmo horren nondik norakoa sakondu nahi izan zuten sarien antolatzaileek. “Euskal kulturaren garapena, transmisioa eta biziraupena konplikatua da oso XXI. mendearen munduan, kultura txikia eta gutxitua baita zabalkunde handiagoko beste kultura batzuen altzoan -ez horregatik eskasagoa, ez baita gauza bera txikia eta eskasa izatea-. Euskara eta euskal kultura erdigunean jarriko dituen kultur politika adostu bat izatea giltzarria izan daiteke aurrera begira. Bide horretan, ekarpena egin nahi du Proiektuari Elkar Sariakekin abiatu nahi den ekimenak”.

Lan horren emaitza euskal kulturgileen eta erakunde publikoen eskura jarriko dela eta Eusko Ikaskuntzaren eginkizuna izen izango den iragarri zuten: ”denon artean Euskal Herrirako kultur politika egoki bat egiteko lagungarri izan daitekeelakoan. Proiektua Eusko Ikaskuntzaren eskutik garatuko da, eta horregatik eman zaio 2023ko Proiektuari Elkar Saria”.

Erakunde horren izenean, Ana Urkizak eta Iker Atxak jaso zuten saria, Mikel Esnal Elkar Fundazioko patronatuko kidearen eskutik 


Juan Mari Irigoien, gogoan

Maiatzaren 17an hil zen Altzako idazleak 24 urtez jardu zuen lanean Elkarrekin, erretiroa hartu zuen arte. Jose Mari Sors Elkar Fundazioko kideak eskerrona azaldu zuen, “hark izandako harremanagatik eta hark euskal kulturari egidako ekarpenagatik. idazle handia izan da eta ekarpen handia utzi dio euskarari eta Euskal Herriari”.

Irigoienen alboan “beti aholku eta sostengu emanaz egon den emaztea, Begoña Alkiza” nabarmendu zuen Sorsek. Hprrela, gogora ekarri zuen Elkarrekin kontratua sinatzerakoan, Begoña lekuko zuela, idazleak hain bere zuen umorez idatziz utzitakoa: "kontratu hau sinatzen da Begoña Alkiza lekuko izan dutelarik, bilerari seriotasun pixka bat emate aldera”.

Begoña Alkizak, Irune Izquierdok egindako oroigarria jaso zuen ekitaldian.

Sari emate ekitaldiari amaiera emateko, Castillo Suarez idazleak eta Juantxo Zeberio musikariak poesia errezitaldia osatu zuten, lehenbizikoaren Alaska poema liburuko hainbat pasarterekin (bideoan ikusgai).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!