Adunan Rock Jaialdia izango da abuztuaren 5ean

Xabier Lasa 2023ko uzt. 10a, 06:49

John Dealer and the Coconuts taldea.

Jaialdiaren antolakuntzan dabilen Oskar Uribesalgo musika sustatzaileak eman dizkigu zenbait azalpen.

Zer dela eta kontzertua, eta zergatik Adunan?

Aspaldi nabil herri txiki batean Rock jaialdi bat antolatzeko gogoz, musikarien eta zaleen artean gertutasuna, konplizitatea... errazteko asmoz. Egitasmo hori aurrera eramateko, zer egokiagoa, Aduna baino? Udalean harrera ezin hobea egin diote proposamenari, eta aurrera egin dugu ilusio handiz.

Zergatik Rock-a?

Nahiz eta geroz eta gehiago ari den zabaltzen Rock-a hiltzen ari denaren mezua, esango nuke inoiz baino osasuntsuagoa dagoela, egun. Euskal Herrira begira jarri besterik ez dago: punta-puntako taldeak ari dira jo ta su, eta errealitate hori Adunan Rock Jaialdian ikusteko aukera izango dugu.

Kontatuko al diguzu karteleko taldeen nondik norakoa?

Ezpalak talde zestoarra doa kartel buru. Bolo-bolo dabilen taldea da hainbat jaialditan: Kanariar Irlak, Portugal, Azkena Rock, Tsunami Xixon... Zuzeneko ikusgarriak ematen ditu. John Dealer, berriz, Legazpitik datorkigu; Rock & Roll klasikoa gogoko dutenentzat, primerako formazioa! Bestalde, musikan eskarmentu handiko emakumeez osaturiko Moonshaker’s taldea izango dugu; Bizkaikoak dira, eta garage rock doinuek nagusi dituen hirugarren diskoa aurkeztera datoz Adunara. Howdy Bluegrass talde donostiarra da laugarren taldea; country blues eta Estatu Batuetako doinu klasikoak biziberrituko dizkigute.

Kanpotik datozen rock zaleeei, zein aholku luzatuko zenieke?

Erribera Industria Guneko aparkalekuetan utzi dezakete autoa, eta Agedamunde baserriko biribilgunetik gora oinez abiatu, behetik gora. Oinezko bide txukuna egokitu dute azken aldian, eta aldapa ez da neketsua. 

Rock zale eta musika zale asko azaltzea espero al duzu?

Familiarekin joateko plan bikaina dela esango nuke. Gainera, arratsaldean, pilota partidekin eta ur parkearekin gozatzeko aukera izango dute gerturatzen direnek. Horrez gain, txosna jarriko da, gorputza freskatzeko pixka bat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!