“Sagastitik sagardora” prozesua ezagutzeko ibilbidea Adunan, ostiral arratsaldean

Aiurri 2023ko eka. 29a, 13:10

Ekimen berria da, zeinaren bidez herriari hain lotuta dagoen produktua balioan jartzeko baliatuko den.

Sagarra eta sagardoa Adunara oso lotuta daude. Sagardoaren kulturan sakondu asmoz, Udalak ibilbide berriaren estreinaldia egingo du ostiral honetan. Aburuza eta Zabala sagardotegiekin batera, Adunako Udalak eta Tolosaldea Garatzeneko turismo sailak garatutako proiektua da. Zura diseinuko Julen Larruskain eta Josu Ozaita antropologoek burutu dute egiasmoa. 

Udalak honela aurkeztu du ekimena: “Sagastiak balioan jarriz, proiektu eta ibilbide hau sortu dugu, sagardoa nondik datorren ikasi eta sagardo kulturaz gozatu dezagun, sagasti bertatik. Bi kilometroko ibilbide labur honetan, bost panel aurkituko ditugu, sagasti motak, urtaroetako aldaketak, lan desberdin, ohitura, erritu eta historia azaltzen dutenak. Helburua, sagarretik sagardora arteko lan guztia azaltzea, sagardo trago bakoitzaren atzean dagoena ezagutzea. Ibilbide hau irekita egongo da egin nahi duen bisitari guztientzat urte osoan zehar”. 

Herritarrekin egin nahi dute estreinaldia, ostiral arratsaldean. 

Txalaparta, bertsoa eta sagardoa

Bi puntutan sagardoa dastatuko da, sagastian bertan. Unai Agirrek bertsoak botako ditu bertan.  Gune batean, txalaparta joko da. Txalaparta oso lotua izan da sagardo kulturarekin, sagardo egiteko azken egunean, hura jotzen zen uzta ospatzeko. Amaieran, Zabala sagardotegian jarraituko du festak. Aburuza eta Zabala herriko sagardo desberdinak dastatuko dituzte, eskualdeko gazta desberdinekin batera. Sagardogileek sagardo bakoitzaren ezaugarriak azalduko dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!