Gogoz hasiko ditu Adunak herriko festak. Pilota txapelketaz gain, lehenengoz, AdunaRock jaialdia egingo baita.
Ainhoa Arruti Bereziartua: Ez da, berez, Jai Batzordetik antolatu dugun zerbait. Halere, jaiari hasiera berezia emateko modu ederra da.
Adin guztiei begirako eskaintza antolatu duzue, Txiki Krosetik hasi eta umeen eta 60 urtetik gorakoen bazkarira bitarte.
A.A.B.: Adin tarteari dagokionez, guztiei begirako ekintzak antolatu ohi ditugu. Urtero, 12-16 urte bitarteko nerabeen kasuan, motz ibili ohi gara jardueretan, baina, aurten, horri erantzuteko, abuztuaren 14ean, jokoak prestatu ditugu. Oilaskoaren eguna, haurrena eta 60tik gorakoena elkartzen dira abuztuaren 12an. Hala, gurasoek antolatuta, umeen bazkaria egiten da elkartean, eta, tabernan, berriz, 60tik gorakoek egiten dute hitzordua.
Abuztuaren 11n, Kukurrukuri ongietorria emago diozue. Nor da?
Ekiñe Zabala Olasagasti: Gure maskota, oilasko bat, herriarekin lotura estua duelako. Elizatik udaletxera jaisten dugu. Lehen aldiz pandemia aurretik egin genuen.
A.A.B.: Herriko bazkaria prestatzen duenak ongietorria egiten du, maskotaren jaitsiera. Aurten, gure kuadrillak egingo du, joan den urtean lekukoa eman zigutelako. Hala, kozinatzeko tresneria emango diegu beste batzuei, datorren urtean beraiek prestatu dezaten hasierako txupinazoa.
Kuadrillen egunean, “Euskal Herriko beste herrietako jaiak” izango dituzue hizpide mozorro dantzaldian. Ideiarik bai armairuko zein trapu jantzi asmatu ezinik dabilenarentzat?
A.A.B.: Hainbat ideia bota genituen kuadrillekin egindako bileran, besteak beste, San Ferminak, San Tomasak, Lekeitioko festak, axeri-dantza...
Egitarau oparoa antolatu duzue jaietarako. Antolaketa-lan handia eskatzen al du horrek?
A.A.B.: Aurten, inoiz baino goizago hasi gara festak antolatzen, otsailaren bueltan. Data zehazten dugu, lehenik, Ama Birjin egunaren arabera. Behin hori eginda, pixkanaka osatzen joaten gara. Musika-taldeekin garaiz xamar jarri behar gara harremanetan, abuztua sasoi txarra da eta.
Sei bat aritu ohi gara prestaketa-lanetan. Ondoren, herritarren artean banatzen ditugu zereginak.
Donostiako Aste Nagusiarekin batera izan ohi dira zuen herriko festak. Dena dela, adunarrez gain, kanpoko jendea ere gerturatzen al da?
E.Z.O.: Beste urtetan etorri izan da jendea, Gozategiren kontzertura, adibidez. Asteasu, Andoain... Ondoko herrikoak ere etorri izan dira kontzertuak ez diren ekintzetara, normalean, Adunarekin nolabaiteko lotura dutenak.
A.A.B.: Jendea erakarriko du Puro Relajo taldeak. Txapela mexikarrez beteta egongo da plaza!
Ba al duzue hitzordu kuttunik?
E.Z.O.: Otorduak, herrikide guztiak biltzen garenean. Herri txikia da, finean, eta polita da adunar guztiak elkartzea.
A.A.B.: Hori da, izan ere, adin-tarte guztietako jendea biltzen gara. Animatu dadila jendea eta ondo pasa dezala, pasatu gabe!