Adunako hilerrian 1936an eraildako baten gorpua topatu nahi dute

Xabier Lasa 2023ko ira. 29a, 10:24

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak Adunako hilerrian 1936an eraildako gorpu baten bila dabiltza egunotan. Hain zuzen, katolikotzat hartzen ez zirenentzako ipinitako hezurtegian ari dira lanean.

Adunako elizako heriotzen liburuan topatu duten agiri batek eraman die susmatzera hilerrian egon litekeela eraildako pertsonaren gorpuzkiak. Agiri hori 29 urtetan Adunako erretorea izan zen Jose Andres Bikuñak sinatua da, 1936ko urriaren 17an, eta bertan adierazten du, bezperan, Adunako bide bazter batean, burua balaz josita zeukan gorpua topatu dutela. Ezezaguna dela hildakoa, eta hilerrian lurperatzeko agindu duela gaineratzen du.

Kristauak ez zirenentzako hezurtegitik hamarkadetan pilatutako zaborra kendu dute azken egunetan, 10-hamabost tona izan daitezkeela kalkulatzen dute Aranzadiko kideek, eta datorren astetik aurrera benetako indusketa lanei ekingo diete, orduan hasiko baitira azaltzen gorpuzkinak, garai batekoak zien bestekoak. Aranzadiko kideek badute itxaropena hezurtegi horretan topatzeko eraildakoa. Izan ere, indar frankisten ikuspegitik, hura beharko luke izan bataiatu gabekoei ez ezik, baita gorri-tzat eta separatista-tzat zeuzkatenei lurra emateko lekua.

1936ko urriko lehen bi asteetan, besteak beste, Valeriano Saizar, Villabonako alkatea desagerrarazi zuten bailaran, eta orain topatu nahi dutena hura izan litekeenaren hipotesia darabilte eskuartean.

Aranzadi elkarteko Karlos Almortza, Manex Arrastoa, Jesus Bidaola Txirrita eta Jose Luis Iraola Puskas ari dira indusketa lanetan.

 

Lehen ekinaldia, 2021ean

Aranzadi elkarteko kideak bigarren indusketa lanekin murgilduta dabiltza egunotan. 2021eko uztailean egin zuten lehen ekinaldia gorpua topatzeko, katolikoei bideratutako hezurtegia. Lurdes Herrasti eta Pako Etxeberria forentseek han aurkitu zituzten hezur guztiak aztertu zituzten, baina ez zuten topatu bala zaurien zantzurik zuen kaskezurrik.

 

Katolikoentzat eta ez katolikoentzat

Berez, Adunako kanposantuan bi hezurtegi daude. Bata, ofiziala, katolikoentzat, hilerriaren mugen barruan kokatzen dena. Eta bestea, harresiez kanpo dagoena, eta hortxe ari dira arakatzen egunotan.

Carlos III errege borboiak Espainiako estatuan, 1787an, zedula baten bidez, kanposantuak elizetatik urruntzea agindu zuen osasun publikoa sustatzeko, eta harrezkeroztik hasi ziren ipintzen halako hezurtegi bereziak, harresiez kanpo, bataiatu gabekoentzat, "herejetzat" hartzen zirenentzat, bere buruaz beste egin zutenentzat... Altxatu frankistek baztertuen zerrenda horretan sartu zituzten, maiz, Errepublikaren zilegitasuna defendatu zutenak.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!