"Bi egun eman nituen finalean bizitakoa barneratzen"

Jon Ander Ubeda 2024ko urt. 14a, 09:02
Jon Irazu Rodriguez adunarra. ©Oriamendi

Apezetxearekin bikote eginda, Goikoetxea V eta Aiestaranen aurka Binakako bigarren mailako finala azken tantoan galdu zuten (15-11, 13-15, 8-7). Bizitakoa ez du inoiz ahaztuko Jon Irazu Rodriguez gazteak.

Zeresan handia eman du abenduaren 30ean jokatu zen Binakako Erremonte Txapelketako finalak, Jon. Gabonetako kirol protagonista izan zara, inguruotan. Egunak aurrera joan ahala, nola gogoratzen duzu finaleko arratsalde hura?

Nahiz eta galdu, oso momentu ona bizi izan nuela esan dezaket. Poz handia sentitu nuen, finalean eta finalaren ostean. Hainbeste jende hurbildu zen Galarratera...! Bi egun eman nituen bizitakoa barneratzen. Hainbeste jenderen aurrean aritu, partida polita eginez gainera... Egun ahaztezina izan zen. Horrela gogoratuko dut.

Partida orekatua, jendetza harmailetan... Zer esan dizuete enpresako arduradunek?

Zorioneko hitzak jaso genituen, partida bikaina egin genuela adieraziz. Sentsazio hori orokorra dela esango nuke, sekula Galarretan egon gabe zirenen aldetik ere antzekoa adierazi digutelako. Hitz onak jaso ditugu, zorionez!

Jende asko Galarretan, tartean, gazte ugari. Albiste bikaina erremontearentzat.

Hala da, bai. Gazteen esku dago indarra eta etorkizuna. Protagonistak gazte samarrak ginen eta gure inguruko jende ugari hurbiltzea lortu genuen.

Adunakoa ez da erremonterako egokia, Jon.

Erremonterako ez, zoritxarrez. Sarea beharrezkoa da eta errebotean pareta osoa behar da. Erremontean ariko bagina arriskutsua litzateke ikusleentzat.

Beraz, adunarrek Galarretara joan beharko dute zu ikustera. Lehendik ere finalera askotxo joan ziren!

Halaxe da. Ez nuen espero. Kuadrillako lagunak joatea bai, baina aurreko egunetan herritar askok esan zidan joateko asmoa zuela. Haur mordoxka joan zen finala ikustera, gurasoekin batera. Uste baino jende gehiago eraman nuen, eta herrian babes hori sentitzea pozgarria da niretzat. Aurrera egiteko indar berezia ematen dit.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 640 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!