Epe laburrean hasiko dituzte etxebizitza berriak egiteko lanak

Ainhoa Gil 2024ko ots. 14a, 19:19
Kristina Rodriguez alkatea, Kamioko gunean.

Adunako Santa Krutz ermitaren parean, Kamio gisa ezagutzen den gunean 20 etxebizitza egingo dituzte, horietako 18 salneurri tasatukoak. Esleipen prozesua amaitu da dagoeneko eta eraikitze lanak hastear daude.

Badira urte batzuk Kamioko lursailen jabeak eta Adunako Udalak hitzarmena sinatu zutela. Hitzarmen haren bidez, lurjabeak etxebizitzak egiteko aukera izango zuen, baina zenbait baldintza betez: etxebizitza mota eta salneurria neurtuta. "Udalaren helburu nagusia bertako gazteek Adunan bizitzeko aukera izan dezatela da. Izan ere, gazteak kanpora joaten badira, geroz eta ume gutxiago jaioko da bertan eta herria zahartzen joango da", azaldu du Kristina Rodriguez alkateak.

Helburu hori argi izanda, bi neurri nagusi hartu ditu Udalak. "Batetik, salneurri mugatua izango dute etxebizitza gehienek. Hogei etxebizitza izango dira guztira lehen fase honetan egingo direnak eta horietatik bi prezio librean saldu ahal izango dituzte. Gainerako guztiak, hemezortzi, salneurri tasatukoak izango dira. Gazteek etxebizitza bat erosi ahal izateko baldintza garrantzitsua da hori. Gainerakoan, adunarrei eman nahi izan diegu lehentasuna; gure helburua herritarrei bertan geratzeko aukera ematea baita".

Herrian galdeketa zabalduz hasi zuten prozesua. "Benetako beharra zein zen jakin nahi genuen ezertan hasi aurretik. Erantzunei erreparatuz, garbi geratu zen bazegoela etxebizitza premia, eta prozesua martxan jarri zen".  

Lehen fasea

Hiru etxebizitza bloke egiteko aukera izango da Kamioko lursailean, baina bakarra egingo da momentuz. "Inguru guztia urbanizatuko da eta eremua prest geratuko da beste bi eraikin egiteko ere. Baina, ez dugu presaka aritu nahi eta, premia badagoela sumatutakoan jarraituko dugu hurrengo faseak egiten". 

30 pertsonak eman zuten izena, eta urriaren 18an egin zuten zozketa ekitaldia, Adunako udaletxean, notario aurrean. "Bloke ezberdinetan banatu ziren hautagaiak, irizpide jakin batzuen arabera. Errenta maila batetik beherako adunarrak bildu ziren lehen blokean eta haiek zuten lehentasuna etxebizitza aukeratzerako garaian. Ondoren, errenta handiagoko adunarrek, gero Adunatik kanpokoek... Etxebizitza guztiak banatu ziren eta itxaron zerrenda ere sortu zen", azaldu du alkateak. 

Neurri ezberdinetakoak

Hiru solairu izango ditu etxebizitzak eta, tamaina ezberdinetako etxebizitzak egingo dira: logela bakarrekoak, bikoak eta hirukoak. Kristina Rodriguezek azaldu duenez, "lehen eta hirugarren solairukoek terraza dute, bigarren solairukoek balkoia. 52 metro karratu inguru ditu etxebizitzarik txikienak, 80 metro karratu handienak. 125.000 eta 215.000 euro arteko salneurria dute". Garajeko marra bat eta trastelekua izango dute etxebizitza guztiek. "Salmenta librerako geratu ziren bi etxebizitzak salduta daude dagoeneko eta, garaje eta trasteleku batzuk salgai dituzte, librean". 

Aurrerantzean, enpresa eraikitzailea jarriko da harremanetan etxebizitza egokitu zaienekin. Udalak, bestalde, izango du zer eginik: "Eraikitze lanak gertutik jarraituko dituzte gure teknikariek, guztia bide onetik joan dadin, bai etxebizitzaren egiturari dagokionez, baita urbanizazioaren ingurukoa ere". 

Lehen lur mugimenduak hasi dira Kamio inguruan eta, eraikitze lanak laster hastea espero du Udalak: "Lanak amaitzen direnean, urtebeteko epea izango dute bertan bizitzen jartzeko. Horrez gain, salneurri tasatukoak direnez, hamar urtez mugatuta izango dute salmenta. Inork epe hori amaitu baino lehen saldu nahiko balu, Udalari jakinarazi beharko lioke eta, erositako prezioari KPI gehituta saldu. Hamar urte pasatakoan amaituko da muga hori". 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!