Elkarren grabaketa estudio berria, Adunan

Ainhoa Gil 2024ko mar. 1a, 11:04

Adunan, Elkar taldea kokatuta dagoen eremuan bertan, eraikin nagusitik alde batera geratzen den eraikin autonomo batean kokatu da grabaketa estudio berria.

Donostiako Portuetxen zuen egoitza utzi ondoren, Elkar estudioak ere kokapen berria
behar zuen, eta Adunan kokatu du Elkar diskoetxeak grabaketa estudio berria.

Estudioa egiteko, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso da, Next Generation EU programaren baitako funtsetatik.
Grabaketa estudioaren bidez, musika eta ikus-entzunezkoekin duen konpromisoa berretsi nahi duela azpimarratu du Elkar Fundazioak, kulturgileentzako eta euskal
gizartearentzako baliabideak berritzearekin batera.
Grabazio estudio propioa izateak orain arte aukera eman dio Elkar diskoetxeari 2.100tik gora lan propio ekoizteko, eta beste eragile askok izan du aukera bere beharretarako erabiltzeko. Grabaketa estudio horietan grabatu dira kantuak eta diskoak, material didaktikoa, podkastak, pelikuletarako soinu bandak, filmetako ahotsak… birmasterizatu dira euskal musikaren katalogoa osatzen duten ehunka disko, egin dira zuzeneko kontzertuak eta grabatu dira telebistarako saioak.
Bide beretik jarraitzeko asmoa du Elkar estudioak, azpiegiturak berritu eta eguneratuta, eta bere zerbitzuak euskal kultur eragileen esku jarrita.

Elkar estudio berriaren ezaugarriak

Adunan Elkar taldea kokatuta dagoen eremuan bertan, eraikin nagusitik alde batera geratzen den eraikin autonomo batean kokatu da grabaketa estudioa. Aparteko egitura izateak estudioan behar dituen ezaugarrietarako bidea ematen du, batez ere  intsonorizazioari dagokionez.

Grabaketa estudioak 250 m2 ditu, era honetan:
- Harrera gela zabala.
- Kontrol gela, 50 m2
- Bi grabazio gela independente:
- 110 m2-ko balio anitzeko estudio nagusia.
- 21 m2-ko estudio osagarria.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!