Egun handia izango da ekainaren 16a. Izan ere, Gipuzkoako Eskola Txikien festa ospatuko baita Adunan. Eskola txikietako irakasle, familia eta haurrak batu, elkar ezagutu eta gozatzeko eguna izaten da eta aurten, Adunari egokitu zaio festa antolatzea.
Lizartzan jaso zuten lekukoa, iazko ekainaren 11n. Orduz geroztik, jaia antolatzeko lanetan murgilduta dabiltza. Eskola osatzen duen komunitate osoa ari da horretan; gurasoak, haurrak, eskola, udala... Zereginak banatu zituzten eta buru-belarri ari dira, ekainaren 16an gainerako eskola txikietako kideei ahalik eta ongi-etorririk ederrena eskaintzeko asmoz. Atzera kontaketa martxan da, gutxi falta da dagoeneko.
Txingurri lana eskatzen du festaren antolaketak eta, horretan ari dira Adunan. Batzorde ezberdinak osatu zituzten gurasoek, jaiari lotutako arlo ezberdinen antolaketarako: "arropa, komunikazioa, trafikoa, zerbitzuak, ekonomia... Batzorde bakoitzeko partaide kopurua ezberdina da, beharrak ere ezberdinak direlako. Eskolako familia guzti-guztiak ari dira lanean. Bakoitza bere arloan ari da, eta bilera orokorrak egiten dira elkarren berri izateko. Eskola, gurasoak eta udala ordezkatuta egoten dira bilera horietan", azaldu dute.
Ilusioz
Gogotsu, ilusioz ari dira bizitzen prozesua. Itsaso Novalek azaldu duenez, "hemendik aurrera horixe izango da gai nagusia eskolako egunerokoan; festari lotutako ekitaldiak egingo ditugu haurrekin. Azken asteotan, esaterako, atzera kontaketa egin dugu. Egurrezkoa da eta astero talde bat arduratzen da zenbakia aldatu eta atzera kontaketa txukun egiteaz, baita eskolako txikienak ere".
Herriko eragileak gonbidatu dituzte ekaineko festara. Zirkuolako kideak izango dira, herriko sagardogileek ere izango dute zereginik, baita Juan Kruz Igerabide idazleak ere, besteak beste. "Hori horrela izanik, festaren aurreko aste hauetan, eragile horiengana gerturatuko gara eskolako kideak. Festan parte hartuko badute, zer gutxiago? Zirkuolara gerturatu ginen eta aste honetan Juan Kruz Igerabidereren bisita izango dugu. Liburuaren eguna aprobetxatuz, berak idatzitako azken liburuaren aurkezpena eta kontaketa egingo digu. Adunako istorioak biltzen ditu bertan gainera. Luxu bat da Juan Kruz hemen eduki ahal izatea", azaldu du.
Festa
Egun osoko festa izango da ekainaren 16koa. Goizeko 10:00etan emango zaio hasiera, ekitaldi ofizialarekin. Jarraian, haurrei eta familiei zuzendutako ekitaldiak jarriko dira martxan. Hainbat gunetan banatuta egongo da herria, ekintza horiek gauzatzen joan ahal izateko. Uztartza atzeko aparkalekua, sagardotegietara doan bidea, Elordi plaza, herriko plaza, kirol pista, eliza atzeko frontoi zaharra..., herri osoa hartuko du festak. "Eguraldi txarra egingo balu ere, gune asko estalita egongo da, nolanahi ere, eskola zabaldu eta bertan izango genuke haur txikienentzako txokoa, goxo jolasteko aukera izan dezaten", argitu du Itsaso Novalek. Eguraldi beroa izanez gero, freskatzeko aukera ederra eskainiko du ur txorroten parkeak. "Data horretan martxan izango da dagoeneko, eta aukera polita eskainiko die haurrei", gaineratu du Ainhoa Arrutik.
Udaletxeko arkupean jarriko dute txartelak saltzeko gunea eta baita kontsigna zerbitzua ere. "Horrez gain, arropa salmenta ere egingo da egunean bertan, inork nahiko balu ere".
11:30etan zabalduko dute Sagarraren bidea eta ondoren, 13:00etan hasita, eskola guztiak batuko dituen ekitaldia egingo da, bakoitzak bere sagarra plazan jarriz. "Eskolan edukiko ditugu sagar guztiak eta, kalejiran gerturatuko gara plazara, eskola bakoitzeko ordezkariek bere sagarra jar dezaten. Herriko trikitilariek jarriko diote doinua kalejirari. Txalaparta hotsa ere izango da, gure ikasle ohien eskutik". Bazkaltzeko aukera ezberdinak ere prestatu dituzte: batetik, bokadilloak eta jateko ezberdinak egongo dira aukeran horretarako prestatuko duten kantinan eta bestetik, menua ere eskainiko dute. "Kirol kantxa estalita egongo da egun horretan, eta bertan emango da bazkaria. Haurrentzako menua, menu beganoa eta menu orokorra izango dira aukeran", azaldu dute.
Pailazoak
Egunari amaiera emateko, Porrotx eta Mari Motots-en emanaldia izango da Adunako pilotalekuan, arratsaldeko 17:30etan hasita. Amaierako ekitaldi horretan, izena ematen duten ikasleek parte hartzeko aukera izango dute, pailazoekin batera dantza eginez: "Kantu ezberdinak eskainiko dituzte, eta haurrek haiekin batera dantzatzeko aukera izango dute, taldetan banatuta".
Kantua
Festari lotutako kantua argitara eman berri dute. Leire Berasaluze eta Beñat Igerabide musikari adunarrek egin dute eta entzungai dago youtuben. "Biak adunarrak dira eta eskola txikia barrutik bizi izan dute. Oso kantu polita egin dute, 'Txiki hazi izana' izenburuarekin. Eskola txikiek eskaintzen dutena bizitzearen ohorea azpimarratzen dute".
Errepidea, itxita
Adunako errepidea itxita egongo da ekainaren 16an, bertakoentzat izan ezik. Festara modu erosoan gerturatu ahal izateko, autobus zerbitzua jarriko dute, Irizar lantegiaren ingurutik. "Egun osoan zehar ibiliko dira autobusak gora eta behera, joan-etorriak bermatzeko. Industriagunetik oinez etortzea izan daiteke beste aukera izan ere, bai Zizurkil aldeko errepideak baita Andoain aldekoak ere espaloi egokia dute horretarako. Irisgarritasun aldetik, abantaila dugula esango nuke. Trenez, autobusez edo autoz inguratuta, industriagunetik autobus zerbitzua ere martxan izango da egun osoan", azpimarratu dute.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 647 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.