Elkar sariak banatu dituzte Adunan

Aiurri 2024ko mai. 27a, 10:24

Ibilbideari Elkar saria AEKk jaso zuen eta Joseba Jaka beka berriz Josu Goikoetxeak, “Hiltzailea eta beste ipuin batzuk” lana egin dezan.

Joseba Goikoetxeak 10.000 euroko saria jasoko du eta urte beteko epea izango du bere lana egiteko. Liburua, ondoren, Elkar argitaletxeak argitaratuko du. Beka jasotakoan, Josu Goikoetxeak eskerrak eman zituen eta esan zuen Beka hau akuilu izango dela liburua idazteko.

 

Segidan Ibilbideari Elkar saria banatzeko unea iritsi zen. Jon Jaka Patronatuko idazkariak azaldu zituen saria AEKri emateko arrazoiak eta gogora ekarri zuen frankismo garaian abiatutako gau eskolen mugimendua eta ordutik hona AEK-k euskalduntze-alfabetatzean egindako ekarpena:

“Baldintza zailetan, eta ia hutsetik abiatuta, heldu euskaldunak alfabetatzeko eta euskalduntzeko herriz herri sortu ziren gau eskolen arteko koordinazioa sortzeko eratu zen AEK, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea, 70eko hamarkadan, Euskal Herri zabaleko gau eskolak eta euskaltegiak bilduz bere barne. Urte luzetan, instituzioen behar bezalako ezagutzarik gabe aritu behar izan zuen 80 eta 90eko hamarkadan, eta horrek baliabide falta eta baldintza ez egokiak eragin zizkien. Lan baldintza egokien faltari militantziaz, ilusioz eta ahalik eta profesionaltasun handienarekin erantzun zien AEK-k bere xedea lortzeko ahaleginari uko egin gabe.

Milaka lagun euskaldundu da AEK-ko euskaltegietan, eta milaka lagun hurbildu da euskarara eta euskararen aldeko ekimenera AEKren lanari esker, tartean 1980tik antolatzen duen Korrikaren eskutik. Ekarpen handia egiten dio, ez bakarrik helduen euskalduntzeari, baita euskararen normalizazioari ere. Bi urtetik behin, milaka eta milaka lagun euskararen aldeko mezua zabaltzera bultzatzen ditu Korrikaren eskutik, euskararentzat itxaropena sortuz eta mezu argia zabalduz gizartean: euskara denona da eta haren etorkizuna guztion eginkizuna da. Martxoan egin berri den azken edizioak argi erakutsi digu hori, harro dagoen herria kalera atera da Euskal Herria euskararen herria dela eta izatea nahi dugula esateko.”

 

Behin sariak banatuta, ekitaldia kultur emanaldiarekin osatu zen. Bere lehen poema liburua, Itsaso amniotikoa, argitaratu berri duen Oihane Jakak hainbat poema irakurri zituen, Xabier Zeberioren musika lagun.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!