Ekainaren 16an, Gipuzkoako txoko ezberdinetatik etorritako jendea batuko da Adunan, XXXV. Eskola Txikien Festaz gozatzeko. Urte osoa daramate adunarrek antolaketa lanetan eta, gozamenerako eguna iristear da dagoeneko. Mimoz aritu dira; eskolako haur, guraso eta irakasleez gain, herri osoa aritu da antolaketa lanetan. Egunean bertan ere, hainbat eta hainbat adunar arituko da lanean, hurbiltzen direnek goza dezaten.
10:30etan hasi
Goizean garaiz hasiko da jaia, 10:30ak aldera, harrera ekitaldi ofizialarekin. Bertan izango dira Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Adunako alkatea den Kristina Rodriguez, eta Adunako Herri Eskolako zuzendaria den Itsaso Noval. Hitzartze ezberdinak amaituta, eskolako umeek prestatutako ekitaldia egingo dute.
Harrera ekitaldia amaituta lehertuko da festa, herriko txoko guztietan. Gustu guztietara egokitutako eskaintza prestatu dute. Puzgarriak, tailerrak, ur-jolasak, txiki-txokoa, egurrezko jolasak… zabalik egongo dira egun osoan zehar. Herriko gune ezberdinetan antolatu dituzte ekintza hauek. Horrez gain, hala nahi duenak, pottoka gainean ibiltzeko aukera ere izango du.
Eragileak
Herriko eragile ezberdinak ere gonbidatu zituzte festa parte hartzera. Elordi plazan, esaterako, Zirkuolako kideak arituko dira. Zirkuko diziplina ezberdinak probatzeko aukera eskainiko dute bertan. Urte osoan zehar hainbat gaztetxo joaten da Zirkuolak Zubitxiki industrigunean duen egoitzara zirkuan trebatzera eta, festako egunean euren alea jarriko dute bertako kideek.
Sagarra
Sagarra da Adunaren ikur nagusia eta aurtengo jaiaren logoak ederki jasotzen du hori. Ekainaren 16ko festan bere islada izango du horrek ere. Izan ere, 11:30tan hasita, sagarraren ibilbide gidatua egiteko aukera egongo da. Adunako bi sagardogileek, Aburuzak eta Zabalak, elkarlanean prestatutako ibilbidea da. Sagardoaren mundua bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen du; sagarrondoetatik hasi eta sagarra sagardo bihurtzen den arte. Familian egiteko moduko ibilbidea da honakoa.
Ordu berean, 11:30tan hasita, Txiki Zumba egiteko aukera izango da, pilotalekuan. Kirola eginez, lagun berriak egin eta gozatzeko aukera eskainiko die ekintzak gaztetxoei.
Komunitatea
Eguerdian egingo da Gipuzkoako Eskola Txiki guztietako kideak batuko dituen ekitaldia. 13:00tan emango diote hasiera sagarraren ekitaldiari. Aurreko prestakuntza eskatu die ekitaldi honek eskola guztiei. Eskola bakoitzak sagar baten irudia jaso du eta, bakoitzak bere modura apaindu du. Adunako plazan jarriko duten sagarrondo haundian jarriko dituzte guztiak. Gipuzkoako 27 eskola txikiek osatzen duten komunitatea islatu nahi dute modu horretara. Kolorea, alaitasuna, musika, elkarlana... osagai asko izango ditu eguerdiko ekitaldiak.
Lekukoa eta bazkaria
Ekitaldia amaituta, 2025eko Eskola Txikien Festa antolatzeko ardura izango duen herriko ordezkariak izango dira protagonista. Adunarren eskutik jasoko dute lekukoa. Eskuz esku, herriz herri, festaren hariak ez du etenik.
Goiza amaituta, sabela betetzeko momentua iritsiko da. Euskal parrilak prestatuko du aurtengo bazkaria eta horrez gain ogitartekoak jateko aukera egongo da. Eguzki nahiz euritik babestuta bazkaldu ahal izateko karpa jarriko da kirol pistan eta otordua amaituta, bingo musikatuan aritu ahal izango dute bertaratutakoek.
Arratsaldean, etenik ez
Bazkaltzeko garaia amaituta, berriz ere martxan jarriko da festa. Puzgarriak, pottokak, tailerrak, txiki-txokoa, egurrezko jolasak edota ur-jolasak martxan izango dira. Izan ere, egun horretarako martxan izango da Adunako ur-txorroten parkea. Eguraldiak laguntzen badu, gozamenerako eta freskatzeko aukera bikaina eskainiko du. Festak eskatzen duen bezala, beste hainbat zerbitzu ere prestatu dute adunarrek egun osorako: trasteak utzi ahal izateko kontsigna, goxokiak erosteko aukera, taberna...
Eta jaiari amaiera emateko, 17:30tan, Porrotx eta Marimotots-ek prestatutako ekitaldiari emango zaio hasiera pilotalekuan. Bertan, Gipuzkoako Eskola Txikietako ume eta helduek parte hartuko dute. Dantza ezberdinak ari dira prestatzen, eta pailazoekin batera arituko dira, jaiari amaiera bikaina emateko.
Parkinga eta autobusa
Bisitari ugari jasoko ditu Adunak ekainaren 16an, eta egun horretako trafikoa antolatzea ez da nolanahiko erronka. Bi aparkaleku nagusi prestatu dituzte. Erribera industrigunean, Irizar lantokiaren inguruan utzi ahal izango dira autoak. Autokarabanan gerturatzea erabakitzen dutenek berriz, Iturria enpresako parkinera gerturatu beharko dute. Hainbat bolondres egongo da egunean bertan, bisitariei beharrezko argibide guztiak emateko.
Adunako herrigunera, festagunera, gerturatu ahal izateko autobusak martxan izango dira egun osoan zehar. Nolanahi ere, oinez gerturatu nahi dutenek ere horretarako aukera egokia dute, izan ere, espaloi zabalak baitaude herrigunera modu erosoan iritsi ahal izateko. Autoa hartu beharrik gabe, garraio publikoa erabiliz iritsi nahi dutenek ere izango dute horretarako aukera. Izan ere, bai trenez baita autobusez ere, Andoainera gerturatuz gero, oinez egin daiteke Adunako industriagunerako bidea, han herriguneraino gerturatuko duen autobusa hartu ahal izateko. Zizurkilera iritsita, Adunara oinez joatea da beste aukera.
1997an
Ez da hau Eskola Txikien Festa Adunan antolatzen den lehen aldia. 1997an ere haiei egokitu zitzaien festa hartzea; goiko argazkian ikusten da festa hartako une bat. Ia hiru hamarkada pasata, orduan haur zirenek guraso gisa biziko dute aurtengo jaia. Asko hazi da festa urteotan, baina helburu bera izaten jarraitzen du: Gipuzkoako Eskola Txikietako kideak elkartzea eta egun ederra pasatzea.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 650 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.