Eguraldia lagun, jendetza gerturatu da Adunara. Eskola Txikien onurak azpimarratuz eman diote hasiera ekitaldi ofizialari eta, ondoren, jai giroa nagusitu da. Musika, jolasa..., Gipuzkoa osoko eskola txikietatik gerturatutako irakasle eta familiek kolorez bete dute herria.
Eguerdia iritsita, Gipuzkoako 27 eskola txikietako ordezkari eta familiak gerturatu dira plazara, baita Araba eta Bizkaiako eskola txikien elkarteko kideak ere. Sagarrez betetako sare handi bat irudikatu dute guztien artean herriko plazan. Datorren urteko jaia antolatzeko ardura izango duen Ezkio Itsaso herriak jaso du lekukoa, adunarren eskutik.
Bazkal-garaian atsedentxoa hartu ondoren, arratsaldean berriz ere martxan izango dira jolasak. Puzgarriak, pottokak, egurrezko jolasak, txikientzako txokoa, makilaia eta pelukeria txokoa, ur jolasak... denetarik izango da aukeran.
17:30etan, Porrotx eta Marimototsen abestiekin gozatzeko aukera izango da eta, horrenbestez, amaiera emango zaio aurtengo jai handiari.