Ikasturte berezia izan da amaitu berri dena. Adunak izan du aurtengo Eskola Txikien festa antolatzeko ardura eta, irakasle, guraso, haur, udal, herritar..., buru-belarri aritu dira lanean. Ekainaren 16an ospatu zuten festa handia eta, balorazioak egiteko momentua iritsi da orain.
Gustora daude egunak eman zuenarekin: "Ekintza ugari zegoen antolatuta egun osorako eta dena ondo joan zen. Haur txikienetatik hasi, eta heldunetaraino, guztiek topatzen zuten eurentzat egokia zen ekintzaren bat. Eguraldiak ere lagundu egin zigun, eta horrek ekitaldiak pentsatu bezala egin ahal izatea ekarri zuen. Jendetza bildu zen Adunan, eta egun borobila izan zen".
Gipuzkoako Eskola Txikien bilgune izateko jaio zen festa, eta helburu nagusi hori zuten Adunan. "Eskola txiki guztietako jendea gerturatzea nahi genuen, horixe baita festaren funtsa. Sare bat osatzen dugu eta hori festan islatzea nahi genuen. Eguerdiko ekitaldiak asko lagundu zuen horretan. Eskola txiki guztiek bere sagarra ekarri zuen, bakoitzak bere erara apainduta, eta plazan zintzilikatu genituen. Bakoitzak bere momentutxoa izan zuen eta, plazaren erdian jarritako sagarrondotik abiatuta, sare erraldoi bat eraiki zen, sagar koloretsu guztiak zintzilik zituela. Oso ekitaldi polita izan zen, eskola guztien parte-hartzea izan zuena, koloretsua eta alaia. Ekitaldi horrekin asmatu egin genuela uste dugu", azpimarratu dute. "Ekitaldi hori antolatzeko, gainera, aurreko lanketa handia egin da. Eskola bakoitzak bere sagarra apaindu du eta haurrei azaldu diete festaren berri. Gutunak bidali ditugu eskola guztietara eta gutun trukaketa egon da haietako askorekin. Sarea indartzeko helburu hori bete egin dela esango nuke", azpimarratu du Itsaso Noval, eskolako zuzendariak.
Bizkaia eta Arabako eskola txikiek ere euren sagarra zintzilikatu zuten festako egunean. "Oso momentu polita izan zen. Eskola txikien saretzean lan handia egiten ari dira eta, hunkituta eta urduri ikusi genituen. Beraien sagarrak izan ziren zintzilikatu ziren lehenak, eta txalo artean egin zuten, pozik".
Zorionak
Gipuzkoako eskola txiki eta guraso elkarte askotako kideak jarri dira harremanetan adunarrekin. "Zoriondu egin gaituzte, oso festa ederra antolatu genuela adierazten dute mezuetan. Porrotxek ere herria oso polita zegoela azpimarratu zuen. Pozik jaso ditugu mezu horiek, noski".
Jendetza handia gerturatu zen Adunara eta, "hala ere, ez zuen estutasun sentsaziorik ematen. Eremu ezberdin askotan zabaldu zen festa eta lasai ibili eta gozatzeko aukera ematen zuen. Goiz erdian, herrian barrena bueltatxoa emanda konturatu ginen jende asko zebilela: ur txorrotetan, puzgarrietan, pottoka gainean, pilotalekuan... Gune guztietan ikusten ziren haurrak eta familiak, gozatzen. Eguerdian, jendea plazako ekitaldira gerturatu zenean garbi ikusi zen jende asko etorri zela festara".
Lanketa
Festaren inguruan lan handia egin dute adunarrek. "Batzorde ezberdinak sortu genituen eta buru-belarri aritu gara urte osoan zehar. Egindako lan horrek guztiak fruitu ederra eman du. Eskolako guraso, haur, irakasle... lan ikaragarria egin dugu festaren aurretik, egunean eta ondoren", aipatu dute. "Horrez gain, bolondresen laguntza ere eskertu behar dugu, noski. Aurreko prestakuntza lanetan, egunean bertan eta baita ondoren ere, jende asko gerturatu zaigu lanerako prest. Ikaragarri eskertu dugu prestutasun hori", gaineratu dute. "Eskerrak eman behar dizkiegu, baita ere, festara gerturatu ziren guzti-guztiei, izan ere, haiei esker izan baitzen festa hain polita eta koloretsua".
Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri 652 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.