Euskal Herriko musika tresna antzinakoenen artean dago alboka. Jendartean zabaldu eta ezagutaraztera emateko helburuz sortu zen Albokazale Bilgunea Kultur Elkartea. Ekimen ezberdinak abiarazten ditu elkarteak urte osoan zehar eta, urrian, Gipuzkoako topaketa egiten dute. Duela hiru urte ekin zioten antolatzeari, eta aurten, Adunan izango da hitzordua.
Teresa Jareño, Albokazale Bilguneko lehendakaria da: "Albokaren inguruan interesa duen jendea biltzen da gurean. Musika tresnaren berri zabaltzen saiatzen gara Euskal Herriko zazpi lurraldeetan eta baita Euskal Herritik kanpora ere. Horretarako, ekimen ezberdinak izaten ditugu martxan: ekitaldiak eta ikastaroak antolatzen ditugu, berriak zabaldu, webgunea elikatu... eta antolatzen ditugun ekitaldien artean sartzen da aurten Adunan egitekoa dugun topaketa".
Aurtengoa, Adunan
Iñaki Aristeta eta Dabid Eizagirre adunarrak albokariak dira eta bilguneko partaide. Urriko topaketaren antolaketan murgilduta dabiltza azken hilabeteotan. Aristetak azaldu duenez, "Lehen Hernanin egiten zen topaketa urtero-urtero. Duela hiru urte Albokazale bilgunean hartu zuen antolaketaren ardura, eta Gipuzkoa osora zabaltzeko erabakia hartu zen. Hirugarren edizioa izango dugu aurtengoa. Errenteriara joaten gara alboka ikastera eta han aipatu zen egokia izan zitekeela aurtengoa herri txiki batean antolatzea. Guretzat oso polita zen gure herrira ekartzea eta erronkari eutsi genion. Udalera joan ginen proposamena egitera eta baiezkoa jaso genuenean, aurrera egin genuen. Oso garrantzitsua izan da Udalaren babes hori eta eskerrak eman nahi dizkiogu, baita topaketa babestu duten gainerako eragile guztiei ere, noski".
Jende asko erakartzen duen festa da Alboka Topaketa. Dabid Eizagirrek azaldu duenez, "albokariez gain, beste hainbat musika tresna jotzen dutenak ere gerturatzen dira: pandero-joleak, trikitilariak, perkusionistak... Zaletuak ere bertaratzen dira, noski". Teresa Jareñok gaineratu duenez, "alboka ez da oso tresna ezaguna eta egun hori oso aproposa da gertuagotik ezagutzeko. Horrenbeste albokari ikustea ez da ohikoa eta momentu egokia da haiekin solasean aritzeko, galderak luzatzeko... Albokagile edo luthier bat ere gerturatuko da bere postua jartzera eta diskak saltzeko beste postu bat ere egongo da. Alboka munduan dauden berrikuntzen berri ematen da egun horretan. Festa polita izango da, egunpasa ederra egin ahal izateko".
Festa handia
Urriaren 19an, goizeko 11:00etan hasiko da musika-giroa pizten. "Musikariei ongi-etorria egingo diegu plaza inguruan eta, 11:30etan kalejiran abiatuko gara. Sagardotegietako itzulia egingo dugu. Oso buelta polita da guretzat eta, kanpotik datozenentzat ere berezia izan daitekeela iruditzen zaigu. Herrian bi sagardotegi ditugu eta, haietan geldialdia eginez, sagardoa edan eta pintxoak jateko aukera izango dugu, baita Uztartza tabernan ere. Eguerdiko 13:30etan ekitaldia egingo dugu plazan, Loatzo Musika Eskolako kideekin eta batu nahi duten guztiekin. Mikrofonoak ireki egiten dira, bakoitzak berea eskaintzeko aukera izan dezan. Ondoren, pilotalekuan elkartuko gara, bazkaltzeko. Erabat irekia da bazkaria, nahi duen guztiarentzako. Musika jotzen duten helduek 10 euro ordainduko dute, gazteek 5 euro, eta musikari izan gabe bertan bazkaldu nahi duten guztiek ere izango dute horretarako aukera, 15 euroren truke. albokazalebilgunea@gmail.com helbidera idatzi behar da izena emateko, urriaren 15a baino lehen", azaldu du Aristetak.
Bazkalondoan sortzen den giroa ere azpimarratu nahi izan dute: "Oso giro polita sortzen da. Musika eta umore ona izaten dira protagonista. Errepertorio zahar eta berri, guztiak astintzen dira. Horrez gain, alboka baten zozketa ere izango da. Tiketak salduko dira egunean zehar eta bazkalondoan zozketatuko da. Poz handia emango liguke norbaiti alboka jotzen hasteko aitzakia emango bagenio".
Eguna amaitzeko, afaria egingo dute sagardotegian. "Beste herrialdeetatik gerturatzen direnei, sagardotegira joatea gustatzen zaie behin Gipuzkoara etorrita. Egun biribila izango da. Lotara geratu nahi dutenek ere izango dute horretarako aukera; bai ostiralean eta baita larunbatean ere".
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 656 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.