Adunako Mendi Duatloia, txapelketari amaiera emango diona, larunbat honetan

Aiurri 2024ko aza. 19a, 15:49

Larunbat honetan egingo da Adunako Mendi Duatloia. Euskal Herriko zirkuituari amaiera emango dio Adunako probak eta, garaipanerako lehia estua espero da. Gaur egin dute kirol-probaren aurkezpen ekitaldia.

Larunbatean, arratsaldeko 15:00etan hasiko da Mendi Duatloia. Egun berezia izaten da Adunan, kirol eta jai giroa bateratzen dituena.

Euskal Herriko Mendi Duatloien zirkuituko seigarren eta azken proba izango da Adunakoa. "Durangon ekin zitzaion urriaren 5ean eta Kanpezun, Amasan eta Ibarran izan dira probak. Saio bakoitzak bere sailkapena izaten du eta sailkapen orokorra ere badago, zirkuituari lotuta. Momentu honetan lehia estua dago gizonezkoen mailan. Josu Urrestarazu idiazabaldarra dago lehen postuan, eta Eneko Gurrutxaga amasarra bigarren, oso gertu. Lehia estua espero da bien artean. Emakumeen artean, Nekane Praderak bideratuago du sailkapena eta Ainhoa Marquez da bigarren", azaldu du Iñigo Viana, zirkuituko antolatzaileetakoak.

Iker Ruiz Adunako probako antolatzaileetakoa da. "Seigarren edizioa izango da aurtengoa. Egunean bertan izena eman ahal izango bada ere, www.kirolprobak.com helbidean ere egin daiteke. Banaka edo bikoteka parte hartu ahal izango da. Adunako plazatik aterako dira kirolariak, guztiak batera. Hiru sektore izango ditu duatloiak: korrika abiatuko dira 3,4 kilometro eginez, bizikletaz jarraituko dute, 14,5 kilometroko itzulia eginez eta amaitzeko, 1,7 kilometro korrika".

Eskerrak eman dizkiete bolondres eta antolatzaileei: "Adunako Udala aipatu nahi dugu, beraien laguntza ezinbestekoa baita". Honenbestez, hitza eman diote Kristina Rodriguez alkateari: "Adunako Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiegu mendi duatloi zirkuitua antolatzen dutenei, lan handia egiten dute. Bestalde, nola ez, aipamen berezia egin nahi diet Adunako mendi duatloia antolatzen duten guztiei, baita egunean bertan lanean aritzen direnei eta Txulobi elkarteari ere. Oso garrantzitsua da horrelako proba handi bat Adunara ekartzea. Alde batetik, gure herritarrek proban parte hartzeko aukera dute eta, bestetik, parte hartzen ez dugunok ere, egun berezi horretan kirolaz gozatzeko aukera izaten dugu. Egun osoan zehar herrian sortzen den giroa azpimarragarria da. Denak gonbidatu nahi nituzke, kirol probaz gozatzera eta baita gure herriaz gozatzera ere".

Aparkatzeko gune bereziak antolatuko direla aipatu du Iker Ruizek. "Dutxatzeko eta bizikletak garbitzeko aukera ere zabalik izango da. Pintxo goxoak dastatu ondoren, gure babesleek emandako produktuen zozketa ere egingo dugu. Amaitzeko, Aburuza sagardotegian elkarrekin afalduko dugu eta bertan egingo dugu sari-banaketa ekitaldia".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!