2015eko apirilean elkarrizketa eskaini zion Aiurri Aldizkariari. Bere kirol ibilbidearen errepasoa egin zuen bertan.
Noiz eta nola hasi zinen harria jasotzen?
Gure etxean beti izan da herri kirolekiko zaletasun handia. Umetan, hamalau bat urterekin, baserriko lanei lotutako zamak altxatzen hasi nintzen; baba zakukadak eta horrekoak. 100 bat kilo jasotzera iritsi nintzen adin horretan. Anaia igeltseroa zen eta 90 kilo inguruko hormigoizko harria egin zidan. Hura ere erraz samar altxatzen nuen. Gerrikorik ez nuen garai hartan, eta aita siestara joan arte zain egoten nintzen, aitaren gerrikoa hartu eta harriarekin saioak egiteko. Nire kasara egin nituen lehen altxaldi haiek. Makina bat alkadora eta kamiseta urratu nuen garai hartan!
Zure kasara ikasi zenuen, beraz, harria jasotzen...
Etxean aritu nintzen gehien, nire kasara. Gaztetxotan, harria altxatzeko erraztasuna nuela ikusi nuen garai hartan, Zizurkilgo Irazu baserrira joaten hasi nintzen. Han harria jasotzen ibilitako aitona bat bazegoen eta bertan zituen berak ibilitako harriak; hark emandako azalpenekin aritzen ginen. Igandetan joaten ginen, anaia eta biok, harri haiekin saioak egitera. Sekulako ilusioz joaten nintzen hara; Irazuko ateak ireki eta harriak ikusten nituenean, poz ikaragarria sentitzen nuen. Hamabost urterekin 125 kiloko harri zaharra jasotzeko gai nintzen eta mundu horretan sartzen hasi nintzen.
Nondik sortzen zenituen harriak?
Zizurkilgo Irazu baserritik erosi nituen nire lehenengo harriak. Bi mila pezeta ordaindu nuen harri bakoitza. Izugarrizko altxorra zen hura niretzat. Izan ere, oso harreman berezia sortzen da jasotzailearen eta harrien artean; jaialdi edo saiakera berezien aurretik, harriengana hurbildu eta haiekin hitz egitera ere iritsi izan naiz ni.
Gogoan al duzu lehendabiziko plaza?
Asteasun izan zen. Hamazazpi urte nituen eta apustua jokatu nuen Martin Mendizabalen aurka. Ikaragarri urduri nengoen eta inguruan nituenak ere halaxe zeuden. Jendetza handia gerturatu zen, eta presio handia sumatu nuen. 113 kiloko harriarekin aritu ginen, esku bakarrarekin.
Plaza asko egindakoa al zara?
Dezente egin nituen, bai. Amaiera aldera, bakarrik aritu nintzen plaza gehienetan. Pako Ibañez lehengusuarekin ere aritu izan naiz; hark errezitala eskaini ondoren, harria jasotzen nuen nik.
Zer zioten zure etxean?
Herri kirolekiko zaletasun handia zuten etxean, baina semea horretan aritzea ez zuten oso gogoko. Apustulari eta alfer fama zuten garai hartan herri kirolariek. Nire zaletasunaren kontrako jarrera nabarmenik ez zuten izan, baina ezta poz galantik ere.
Ume eta gazte garaitan, aitak ez ninduen sekula apusturik ikustera eraman. Neroni bakarrik joan nitzen Tolosara, bizikleta hartuta, lehendabiziko apustua ikustera. Mendizabal eta Paskualtxororen arteko lehia zen. Ez nuen sarrera ordaintzeko dirurik; leihatilara hurbildu, eta sartu egin nahi nuela esan nion bertako arduradunari. Azken txandan utziko zidala erantzun zidan. Oilo ipurdia jarri zitzaidan zezen plazara sartu nintzenean. Harmailetako giroa, harriak plazaren erdian, harri-jasotzaileak lehian..., izugarrizko esperientzia izan zen niretzat.
Marka handiak jarri zenituen harriarekin...
Bai, markarik handiena 185 kiloko zilindro zaharrarekin jarri nuen. 76 kilo pisatzen nuen garai hartan, beraz, nire pisuaren bikoitza eta 33 kilo gehiago jaso nituen, esku bakarrez. Tolosako Beotibarren altxa nuen, bi aldiz, 1982 urtean. Egun hartako jaialdia prestatzeko, etxean nuen 200 kiloko zilindro zaharrari zortzi kilo erantsi nizkion. Hiru altxaldi eman nizkion harri hari, bi eskuz, eta ondoren heldu nion 185 kilokoari. Larri ibili nintzen. Bi bider altxa nuen, eta beste bi saiakera ere egin nituen, baina hankak ere dardarka nituen, akituta. Azken saiakeran harri eta guzti erori nintzen, eta bere horretan uztea erabaki nuen. Harri zaharretan, esku bakarrean, neronek daukat marka.
Lesio baten eraginez erretiratu zinen kirol mundutik...
Motozerrarekin egindako zauri batek behartu ninduen erretiroa hartzera. Itzultzeko saiakera egin nuen, baina ez nuen aurreko mailarik lortzen, eta uztea erabaki nuen. Artisautzan aritzeko aukera sortu zitzaidan orduan. Harriak konpontzen aritua nintzen, eta bide horri jarraituz, irtenbide berriak bilatzen hasi nintzen, harri txikiak eginez. Mundu berria zabaldu zitzaidan, eta horretan ari naiz egun, gustura. Asko mugitu beharra dago, baina lanbide polita da. Horrez gain, harri-jasotzaileen prestaketa laneran ere aritu izan naiz.
Boxeoa ere gertutik ezagutu zenuen...
Bai, hogei urte inguru nituenean, harria utzi eta boxeoan hasi nintzen. Urtainen garaia zen, eta mundu hark erakarri egin ninduen. Lau urte egin nituen boxeoan, profesional mailan. 33 konbate jokatu nituen eta horietatik 16 irabazi eta 6 baliogabe geratu ziren. Maila hoberenean nengoenean, boxeoa utzi eta harrira itzultzeko gogoa piztu zitzaidan, eta halaxe egin nuen. Orain, atzera begiratuta, boxeoan hasi ez banintz harriarekin marka hobeak egingo nituzkeela iruditzen zait. Horrek ez du, ordea, atzera bueltarik. Bestalde, gainera, beste kultura, herrialde, jende eta pentsamolde batzuk ezagutzeko aukera eman zidan boxeoak eta aberastasun handia izan zen hura niretzat.
Gorostidi harria
1982ko maiatzaren 9an 185 kiloko harri zilindriko zaharra altxa zuenean esku bakar batez. Geroztik harriak bere izena darama: Gorostidi harria.
2007tik aurrera Gorostidi Harria txapelketa antolatzen da. Bost harriri bi jasoaldi egiten zaizkio eta denbora laburrena erabiltzen duenak irabazten du txapelketa. Ondoren, Gorostidi harria bera altxatzeko erronka izaten da. Momentuz, inork ez du lortu 1982an Iñaki Gorostidik jarri zuen marka hura hobetzerik.
Albizuri handi
Hemeretzi urterekin jaso zuen Iñaki Gorostidik Amezketako Albizuri handi harri famatua. "74 kiloko mutila nintzen orduan. Beste harri-jasotzaile batzuerakin batera joan nintzen eta Amezketako aguazilak eraman gintuen harria zegoen tokira. Tenplu batera sartzea bezalaka zen niretzat harri ura zegoen tokira joatea. Harria altxatzeko saiakera egin behar nuela jakin zuenean, "ez dek alferrik etorri" esan zuen aguazilak, eta lehenaz gain, sekulako indarra eman zidan. Altxaldi bat eman nion, nahiz eta ez dagoen federazioan gordeta. Oso polita izan zen niretzat".
Fernando Amezketarrarekin lotura
Fernando Amezketarraren jaiotzatik 250 urte betetzen zirela aitzakia hartuta, hitz batzuk egin zituen Iñaki Gorostidik haren inguruan.
Apakintza baserriko Iñaki Gorostidik badu Fernandoren jatorriaren aditzera: “Nire aita zenak esaten zigun Fernando Amezketarra Adunan bizitua zela, baita gure baserrian ere. Aitak ziurrenik jakingo zituen Fernandoren inguruko kontu gehiago, baina nik ez nituen gogoan jaso”.
Horrez gain, Iñaki Gorostidik bazuen lotura berezia Fernando Amezketarrarekin, izan ere, haren inguruko film labur batean parte hartu baitzuen 1990ko hamarkadan. “Adunako Ulanbarro inguruan egin genituen grabaketak, baita Tolosako azokan, Alkizan edota Nafarroako Bera herrian ere. Erbiaren istorioa kontatu genuen film hartan, eta oso txukun geratu zen”.