Andoain eta Villabona batzen dituen eta Adunako industrigunearen albotik igarotzen den errepidearen zati batean zabaltze eta eraberritze lanak egingo dituzte, martxoan hasita. Urtaki industriagunearen sarreratik hasita, Elkar enpresaren parerainoko zatia eraberrituko dute. Zabaldu egingo dute errepidea, eta espaloia ere berrituko egingo dute.
Adunako Udalaren eskumenekoa da errepide hori. "Baina trafiko handia jasaten du eta Udalak ezin dio aurre egin errepidearen mantenuari. N1 errepidean ilarak sortzen direnean sekulako trafikoa hartzen du eta egunerokotasunean ere, geroz eta gehiago dira errepide hori aukeratzen duten gidariak. Auto asko ibiltzen da, baina baita tamaina handiko kamioiak ere. Errepidearen zorua egoera txarrean dago eta egiten diren konponketek gutxi irauten dute. Bi kamioi gurutzatzen direnean espaloira igo beharra izaten dute, errepidea estua delako. Hori dela eta, erabat hautsita dago espaloia ere", azaldu du Kristina Rodriguez, Adunako alkateak.
Hitzarmena
Egoera ikusita, Adunako Udaleko kideak Foru Aldundiarekin biltzen hasi ziren egoerari irtenbidea eman nahian, "eta hitzarmen bat sinatu genuen. Irizar pareko errotondaraino eginda dago eta, errotonda horretatik, Adunako zubirainoko zatia falta da berritzeko. Hitzarmenean jasotzen denez, lan horiek bi zatitan egingo dira. Lehen zatia, errotondatik Elkar pareraino, Adunako Udalak egingo du eta bigarren zatia, Adunako zubirainokoa, Foru Aldundiak. Lanak amaituta, Foru Aldundiaren esku geratuko da errepidearen mantenua".
Martxoaren 10ean hasiko dituzte lanak, Aiztondoko Klasika pasa ondoren. "Errepidearen zabalera egokituko da egungo legeek esaten dutena betetzeko, Foru Aldundiko teknikariek ere ikuskatuko dituzte lanak. Elkarren pare horretan biribilgune bat joango da etorkizunean, eta orain lan guztiak egoki egitea komeni da, gero errazagoa izan dadin. Aurrerantzean, gainera, euren eskumenekoa izango da errepidea eta lan guztien jarraipena egingo dute".
Azaroan hasi zituen Udalak errepideko lanak esleitzeko lanak. "Bost enpresa aurkeztu ziren eta Iturrioz-ek irabazi zuen lehiaketa eta dagoeneko hasi dira prestaketa lanak egiten", azaldu du. 665.000 euroko aurrekontua dute lanek.
Lanak amaitzeko epea
Lau-bost hilabeteko iraupena izango dute lanek eta bitartean, Erriberako industriagunetik bideratuko dute trafikoa: "Esan bezala, Iturrioz enpresak egingo ditu errepidea eraberritzeko lanak eta, enpresa bera ari da Erriberako hirugarren faseko lanak egiten. Industriaguneko juntako kideak ados zeuden, eta Erriberako errepidea egokituko dute trafikoa bideratzeko".
Hoditeri berria jartzeko aprobetxatuko dituzte lanak. "Hodi zaharrak daude egun, eta lanak aprobetxatuko dira horiek ere eraberritzeko. Gas naturala herriraino hurbiltzeko ere aprobetxatuko dugu. Egun gas propanoa dugu herrigunean, eta ondo moldatzen gara. Baina etorkizunari begira, gas naturalaren aukera hori eskura izan nahi genuen".
Bigarren zatia
Elkarretik zubiraino doan errepide zatia eraberritzea izango da hurrengo zatia. "Hori Aldundiari dagokio, eta ez dakigu noiz egingo duten. Ahalik eta azkarren egitea eskatu dugu, baina ez dakigu noiz izango den. Erabat aldatuko da errepide zati hori. Elkarren paretik zuzen jarraituko du, zubiraino. Todo-Todo, Arregi... ingurutik pasatzen da egun eta arriskutsu dago. Estua da eta oinezkoek ez dute modu seguruan ibiltzeko tokirik. Ahalik eta azkarren egoera horri irtenbidea ematea nahi genuke".