Aiztondoko Pilota Txapelketako finalak jokatu dituzte gaur, Adunan

Aiurri 2025ko api. 5a, 20:16

Giro ederra sortu da gaur Adunako pilotalekuan. Aiztondoko pilota txapelketako finalak ziren jokoan, eta partida politak eskaini dituzte parte-hartzaile guztiek.

Aurrebenjaminek eman diote hasiera arratsaldeari eta, herritarrek eskuratu dute txapela. Villabona eta Zizurkilgo Jon Aranburu eta Ekhi Arinen aurka, 16 eta 7ko emaitzaz irabazi dute Anje Carrillo eta Manex Oterminek.

Benjaminen mailan, adunarrak ziren bi bikoteak. Irai Aburuzak eta Egoi Aburuzak lortu dute txapela, Aratz Ruiz eta Alex Garciari 16 eta 10 irabaziz.

Alebin mailan, Roteta eta San Sebastian alkizarrak, Paule Cestau eta Enaitz Alkortaren aurka lehiatu dira. Alkizarrek irabazi dute, 16 eta 11ko emaitzaz.

Pala partida ere izan da tartean. Jokin Ortiz de Murua eta Irati Elosegi izan dira txapeldun, Aratz Garitano eta Oinatz Aranbururi 25 eta 15 irabazita.

Infantilen mailan, Leire Lertxundi asteasuarra eta Beñat Eizagirre larrauldarra, Galder Muxika eta Aiert Iraolaren aurka lehiatu dira. Lehen bikotea gailendu da, markagailua 18-7an utziz.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!