Enpresaren Adunako egoitzan egin dute aurkezpen ekitaldia. Enpresako zuzendaria den Txus Yeregui, eskubaloi taldeko zuzendari Gurutz Aginagalde eta Bunzl taldeko ordezkari den Mario Vallarinek eman dute berria.
Gurutz Aginaldek azpimarratu duenez, "berri bikoitza da gaurkoa. Batetik, Bunzl taldea babesle gisa gehituko zaigu eta hori oso garrantzitsua da. Bestetik, hogeita zortzi urteren ondoren, Bidasoa kirol taldeak enpresa baten izena hartuko du berriz ere. Aurrez Elgorriaga enpresak eman zion izena taldeari, aurrerantzean, Irudek enpresaren izena izango du. Aurrerantzean, beraz, Irudek Bidasoa Irun taldea izango gara".
Duela 4 urte hasi zen Irudek eta Bidasoaren arteko harremana. "Pandemia betean, oso momentu delikatuan gerturatu zen enpresa gure taldera. Tokiko enpresa da Irudek, mundura zabaldua dagoena eta gure kirol taldeak dituen baloreak defendatzen dituena. Bere momentuan Elgorriaga enpresak gure taldean izan zuen pisua izatea nahi genuke eta taldeak momentu hartan izan zuen indarra izatea. Gaur aurkezten dugun akordio honek urte luzez irautea espero dugu", azpimarratu dute.
Irudek enpresako Txus Yereguik aipatu duenez, "guretzat harro egoteko arrazoi handia da Bidasoa taldeari emandako babesa. Taldea gurekin hazi eta gu ere taldearekin batera haztea espero dugu. Gure enpresak 35 urteko ibilbidea du eta, mundu osoan zehar egiten dugu lan. Segurtasunerako materiala egiten dugu. Familia enpresa izan da eta orain, Bunzl taldearen barruan gaude. Haien eskutik ari gara orain lanean. Bidasoa taldearekin finkatutako harreman hau, konpromiso eta balioak indarrean jartzeko modua da guretzat eta oso pozik gaude. Gure onena ematen saiatzen gara eta hala egiten dute kirolariek ere. Taldeari babesa eman nahi diogu etorkizunean; harrobia lantzeko bidean, balioak indartuz eta baita taldeak hainbeste behar duen estadio berria lortzeko bidean ere ".
Bunzl taldeko parte da Irudek enpresa. Taldeak ere bere babesa eskainiko dio Bidasoa taldeari. Mario Vallarin da Bunzle taldeko Europako arduraduna. "Enpresa talde inglesa da gurea eta, Irudek bezalako hainbat enpresa hartzen ditu bere baitan. 33 herrialdetan egiten dugu lan eta enpresen izaera lokala mantentzen dugu. Irudekek bere balioetan sakontzea nahi dugu eta hortik dator eskubaloi taldearekin dugun harremana. Guretzat oso pozgarria da zuena bezalako talde historiko batekin harremana izatea eta, eskubaloia bezalako kirol ederra babestea".