Oier eta Jon Irazuk behin baino gehiagotan ibili dute buruan Txantxane etxeko taberna irekitzeko ideia. Aurrerapausoa eman, eta irekiera prestatzen ari dira orain bi anaiak. Maiatzaren 9an zabalduko dituzte tabernako ateak.
Txantxane etxeko taberna zerbitzua martxan jarriko duzue laster. Nola hartu zenuten erabakia?
Jon Irazu: Duela bi urte Oier anaia ibili zen ideia horri buelta batzuk ematen, eta nik ere, lagun batzuekin batera, pentsatu izan dut taberna irekitzea. Azkenean, iluntze batean etxean afaltzen ari ginela, ideia proposatu, elkarrekin irekitzea erabaki genuen.
Oier Irazu: 15-16 urte nituenetik aritu izan naiz tabernatan lanean. Niretzat beti izan da ilusio berezia taberna bat kudeatzea eta, herrian izanda, are eta poz handiagoa ematen dit. Bestalde, Andoaingo Txuri Beltz tabernan aritu naiz lanean azken urtetan eta, eskerrak eman nahi nizkioke Imanoli, maisurik onena izan dudalako.
Zein da zuen helburua?
O.I.: Helburu nagusia herriari bizia ematea da; adunarrentzat aukera berri bat sortzea eta inguruko jendeari Adunara gerturatzeko aitzakia bat ematea. Jende asko etortzen da sagardotegietara, baina herrigunean ez da poteo girorik sortzen. Hori piztu nahi genuke; saltsa pixka bat jarri nahi dugu herrian.
Maiatzaren 9rako iragarri duzue irekiera. Zer duzue antolatuta?
J.I.: Arratsaldeko 18:00etan zabalduko ditugu ateak. Zizka mizka batzuk jarriko ditugu eta musika ere egongo da. Kontzertutxo bat antolatuko dugu eta DJ bat ere gerturatuko da. Chill out-a egin nahi dugu taberna irekitzeko. Hortik aurrera, zabalik egongo da Txantxaneko taberna.
Zer nolako zerbitzua eskainiko duzue?
O.I.: Udalak jarritako ordutegian arituko gara. Goizeko 09:00etan zabalduko dugu eta iluntzeko 21:00ak arte arituko gara neguan. Udan berriz, gaueko 22:00ak arte izango da zabalik. Asteburutan gehixeago luzatuko da ziurrenik. Asteartea izango da atseden eguna.
J.I.: Txantxaneko zerbitzua kafetegi-denda gisa jasotzen du Udalak eta zerbitzu zabala eskaintzeko asmoa dugu. Goizetan, esaterako, gosari bereziak emango ditugu. Pintxo batzuk ere eskaini nahi ditugu, nahiz eta ez dugun sukalderik. Patata tortilaren bat, urdaiazpikoa, enbutido razioak, pikilo piperrak... ez dugu aukera zabala izango, baina beti egongo da jateko zerbait. Labea badago, eta baliteke aurrerago pizzaren bat eskaintzen hastea, baina oraindik ez gara horretan hasiko. Martxa hartu nahi dugu lehendabizi, eta gero zabalduko dugu eskaintza.
Denda zerbitzua aipatu duzue. Zer aurkituko dugu Txantxaneko dendan?
O.I.: Batetik, okindegi txikia izango dugu bertan eta, baita premiazkoak diren gauzak ere. Bereziki adunarrei zuzendutako zerbitzua izango da, herrigunean bertan premiazko jakiak erosteko aukera izan dezaten.
J.I.: Ahalegin berezia egingo dugu kalitatezko eta bertako produktuak eskaintzen. Herriko baserrietan bertan edo inguruan ekoizten diren produktuak jarriko ditugu salgai. Tabernako txoko bat eskainiko diogu dendari. Apal batean ikusgai jarriko ditugu salgai ditugun produktu guztiak.
O.I.: Dagoeneko ari gara ekoizle ezberdinekin hitz egiten eta produktuen zerrenda osatzen ari gara. Horrez gain, herritarren eskaeretara zabalik gaude. Gure dendan produktu jakinen bat izatea nahi badute, eskatu besterik ez dute egin beharko. Ez dugu denda handia jarriko, baina kalitate oneko produktuak eskaintzea da helburua.
Herriko giroa piztea da zuen helburuetakoa. Zer daukazue pentsatuta?
J.I.: Herritar guztientzako taberna izatea nahi dugu. Tabernako terrazan dagoen etxola jubilatuek erabiltzen zuten lehen, eta haiengan ere pentsatuko dugu ekintzak antolatzeko garaian. Tabernako mahai bat erretserbatu dezakete, esaterako, kartetan aritu nahi badute. Txantxane taberna adunar guztientzako izatea nahi dugu.
O.I.: Herrian ume asko ere badago eta, terrazako etxola urtebetetze festak egiteko erabiltzeko aukerari buelta batzuk ematen ari gara. Denborak esango digu ze premia eta nahi sortzen joaten diren eta gu zabalik gaude behar horiei erantzuteko.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 669 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.