Adunara iritsiko da Zinegoak zinema-jaialdia

Aiurri 2025ko mai. 6a, 09:36

Herrian geldialdia egingo du Zinegoak zinema jaialdiak, ekainaren 16an, kultur-aretoan, hain justu ere. LGTBIQ+ kolektiboaren errealitatea du abiapuntu bezain oinarri eta urtero antolatzen da Bilbon. Dena dela, Hego Euskal Herriko beste areto batzuetara iristen da eskaintza, besteak beste, Adunara.   

Arratsaldeko 18:00etan ekingo zaio hitzorduari eta, guztira, Euskal Herrian zein nazioartean ondutako sei film-labur ikusteko aukera izango da.

Azkena

Ane Inés Landeta, Lorea Lyons | Euskal Herria | 2024 | 9 min
Loreak ama eta amona ditu erreferentzia. Bi belaunaldi horien bitartez, emakumeei amatasunari dagokionean esleitu zaien loturari buruzko hausnarketa egiten du. Orain berari dagokio ama izan ala ez erabakitzea eta erantzun beharreko galderen erantzunak bilatzea.

¿Dónde estás?

María Moreno Novoa | Euskal Herria | 2025 | 14 min
Udako azken astean, 25 urteko Nahia eta Laura furgonetan doaz Nafarroako iparraldeko errepideetatik. Nerabezaroko ametsak betetzear daude, nahiz eta horrek bide desberdinetatik eraman ditzakeen.

Three

Amie Song | AEB | 2024 |15 min
Etxean egindako bilera batean, duela gutxi Estatu Batuetara bere alabarekin bizitzera joan den txinatar jatorriko emakume bat alabaren sekretuak lagun berriengandik ezkutuan mantentzen saiatzen da.

Arrecife

Angel Morales Ballesta | Espainia | 2024 | 14 min
Angel mastektomia egiteko zorian den pertsona trans bat da, 89 urteko amonaren etxean bizi dena. Bere prozesua kontatzen du Angelek, itsasoa leku terapeutikoa dela berarentzat, baita disforiaz ere, eta, garrantzitsuena, gorputzarekin adiskidetzeaz, hau da, bere etxearekin.

Judoka

Ander Iriarte | Euskal Herria | 2024 | 11 min
Nerabezaroa une zaila da. Eskualdeko txapelketarako egun gutxi falta direnean, Judocak eraso arrazista bat jasan eta krisian sartzen da. Lehiatu ahal izateko autokontrola eta autoestimua landu beharko ditu.

Queimando por dentro

Enock Carvalho, Matheus Farias | Brasil | 2024 | 16 min
Samuel Neomendekoste Eliza Ebanjelikoko familia brasildar batean hazi zen. Bere sexualitatea esploratzen eta queer nortasuna besarkatzen hasi da, baina kolokan jarri zaio mundua, aitak elizan dantza egitea debekatu baitio. Bertatik bertara dauka bizitza aldatuko dion inflexio-puntua.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!