Herri-kirol mundua Adunan bilduko da maiatzaren 18an. Bertan izango dira, baita ere, boxeoaren inguruan dabiltzanak, artisauak, Adunako herritarrak edota Iñakiren lagun eta ezagunak ere. Inguru zabala zuen Iñaki Gorostidik, eta gertutik bizi nahi izango dute guztiek Adunako pilotalekuan eskainiko dioten omenaldia.
Urtarrilaren 21ean zendu zen Iñaki Gorostidi adunarra. Halabeharrez, ezberdina izango da aurtengo Gorostidi Harria saioa...
Iñaki Aristeta: Bai, hala da. 2007 urtean hasi ginen harri-jasotzeko ekitaldia antolatzen. Iñakik berak luzatu zion proposamena herriko Muskil elkarteari eta elkarteak aurrera egin zuen. Harri-jasotzaile lanetan aritutakoa zen Iñaki, eta berak egindako marka batzuen inguruko saioa antolatzea proposatu zuen. 2007an egindako saioa izan zen lehendabizikoa, eta geroztik urtero egin izan da, pandemiak eragindako geldialdia alde batera utzita. Herriari eskaini zion Iñakik ekitaldi hori. Guk antolatzen lagundu genion, baina bere ekimenekoa zen.
2024ean egin zen azkena. Izan ere, 2025eko urtarrilean zendu baitzen Iñaki. Urtarrilean egin genuen lehen bilera eta berehala erabaki genuen aurten ez genuela egingo ohiko Gorostidi Harria kirol saioa. Beste mota bateko ekitaldi bat egitea egokiagoa zela iruditu zitzaigun eta, halaxe egingo dugu; Iñaki Gorostidi omenduko dugu maiatzaren 18an. Elkartea, Udala, herritarrak... elkarlanean ari gara antolaketa lanak egiten, Joxe Anjel Sarasolaren laguntzarekin.. Urte askotan aritu izan da hura Gorostidi Harria antolatzen, eta herri-kirol mundua ere ondo baino hobeto ezagutzen du.
Erraza izan al zen erabaki hori hartzea?
I.A.: Herriari asko eskaini zion Iñakik. Herri kirol munduan, harri-jasotze saiorik garrantzitsuenetako bat da Gorostidi Harria txapelketa. Iñakiri esker hartzen dugu herrian gisa horretako ekitaldi garrantzitsua. Garbi izan genuen, hark herriari emandakoa itzultzeko momentua iritsi zela eta, neurri batean behintzat, hori egingo dugu. Nolanahi ere, garbi esan nahi dugu horrek ez duela esan nahi datorren urtean ez denik ohiko formatura itzuliko. Ziurrenik hala izango dela esateko moduan gaude, gainera. Momentua iristean, antolaketa lanak nola egin erabaki beharko dugu eta lan horietan, eskertuko genuke jende gaztearen parte-hartzea ere.
Mikel Tejeria: Herri mailan lan handia egindako gizona izan da Iñaki, beti laguntzeko prest egoten zena. Merezitako omenaldia eskainiko diogu aurten.
Nolako ekitaldia izango da?
I.A.: Esan bezala, aurten ez da egingo ohiko Gorostidi Harria txapelketa. Iñakik marka handiak egin zituen hiru harri ezberdinekin eta harri horiek pilotalekura ekarriko dira, baina ez dituzte erabiliko. Iñakik asko eman izan du, eta jende askok parte hartu nahiko du omenaldian, horregatik, nolabait mugatu egin behar izan dugu parte-hartzea, erabat irekia utzi gabe. Harri-jasotze eskola ezberdinei tartea egitea erabaki genuen; Ostolaza, Izeta, Arabako eskola, Telleriarena eta Sustabiz fundazioa. Eskolen arteko joko edo erronka egingo da, beraz. Beraien artean adostuko dute zein material erabili, txandak eta denborak nola antolatu.
Gorostidi Harria ekitaldian parte hartu izan duten harri-jasotzaileak ere gonbidatu ditugu. Txapelketa hamabi aldiz irabazi duen irabazia duen Aimar Irigoien, esaterako, gerturatzekoa da. Aurten, gainera, emakumeak ere arituko dira. Mari Jose Sardon gerturatu zen urte batean, baina harri handiak erabili izan dira Gorostidi Harria ekitaldian eta horrek zaildu egin du emakumeen parte hartzea. Datozen edizioetan emakumeen parte-hartzea sustatuko dugu.
Harri-jasotzaileez gain, aizkolariek ere izango dute bere tokia. Mendizabal herritarra zendu zenean aizkolarien saioa antolatu zen hari omenaldia egiteko eta Iñakiren omenaldira ere gerturatuko dira.
Millan Telleria bertsolariak jarriko dio doinua ekitaldiari, hasierako bertsoak abestuz. Ekitaldi alaia izatea nahi dugu, festa girokoa. Badakigu Iñakik ez lukeela hileta giroko ekitaldirik nahiko, eta halaxe antolatzeko saiakera egiten ari gara.
Boxeoan ere aritu zen Iñaki Gorostidi gaztetan...
I.A.: Bai, eta horrek ere izango du bere islada maiatzaren 18ko ekitaldian. Hamazazpi konbate jokatu zituen; irabazi baino gehiago,galdu egin zituela esaten zuen, baina konbate on batzuk ere egin zituela tartean. Jarraitu izan balu maila ona lortuko lukeela aipatzen zuen, baina baita kirol gogorra dela ere. Maiatzaren 18an boxeoan adituak diren hizlariak etorriko dira; Maritxalar eta Kortajarena, esaterako. Omenalditxoa egingo diote Iñakiri, baina ez da konbaterik antolatu. Denbora mugatua dugu eta ez dago borrokaldia antolatzeko tarterik. Nolanahi ere, argi genuen boxeoak bere tartea izan behar zuela omenaldian.
Zenbat pertsonen parte-hartzea espero duzue?
I.A.: Azken bileren faltan, 60 bat pertsonen parte-hartze zuzena izango dela uste dugu. Horiez gain, noski, pilotalekura jende asko gerturatzea espero dugu. Inguru oso zabala zuen Iñakik eta bera ezagutzen zuten askok bertaratu nahi izango dute egun horretan. Herri-kiroletako jendea, artisautza mundukoa, boxeokoak, Adunako herritarrak, lagun eta ezagunak... Pilotalekua txiki geratuko zaigu seguruenik eta horrek kezka ere sortzen digu antolatzaile lanetan gabiltzanoi. Guztia ondo joatea da gure nahia, eta ahalik eta jende gehienak izan dezala omenaldi ekitaldia gertutik jarraitzeko aukera.
M.T.: Omenaldiko data harri-jasotzaileekin adostu da, haietako gehienek gerturatzeko aukera izan dezaten. Maiatzaren 18aren aldeko apustua egin da azkenik. Udaberri inguru honetan ekitaldi mordoa izaten da inguruan eta haiekin ez bat egiteko saiakera egin da.
Elkarrekin afalduz emango diozue amaiera omenaldiari.
I.A.: Bai, hala da. Ordu eta erdi ingurukoa izango da omenaldi ekitaldia. Hori amaituta, Zabala sagardotegira gerturatzeko aukera izango dute, nahi dutenek. Txartelak jarriko dira salgai, 45 euroan eta Uztartza aterpetxean erosi ahal izango dira, maiatzaren 15a bitarte. Iñaki oso jendartekoa zen eta, uste dugu berari ere gustatuko litzaiokela gisa horretako agur bat; lagun artean bilduta, umore ederrean berarekin gogoratuko gara.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 670 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.